Berriozarko La Tarta peñak urteroko sariak banatu zituen. Osasunako goleatzailearen “Patxitxi” saria Ante Budimirrendako izan zen. Osasunako Luis Sabalza presidenteak eta juntako kideek jaso zuten saria, Budimir min hartuta dagoelako. Bestalde, Emakumezkoen Osasuna taldeko Maite Valerok joan zen denboraldiko jokalari onenaren saria jaso zuen. La Tarta peña, Osasunako zale amorratua izateaz gain, Osasuna Magna Xotaren zale sutsua ere bada, eta aurten “Termita berde” saria Xotako presidente Tatono Arregiri eman zion.
Aurten 25 urte bete ditu La Tarta peñak, eta Xotak 25 urte daramatza Lehen Mailan jarraian jokatzen, aurten 26 izango direnak. Horregatik, “Termita berde” saria presidenteari ematea erabaki zuen La Tarta peñak. Tatono Arregik “oso eskertuta” jaso zuen saria eta juntako gainontzeko kideei, babesleei, jokalariei eta zaleei eskaini zion. Bestalde, La Tartako eta Berriozarko zaleak eskertu zituen, eta gainontzeko sarituak zoriondu zituen. Osasuna Magnako jokalari Alejandro Palazon eta Eloy de Pablos jokalariak ere sari emate ekitaldian izan ziren, eta baita Imanol Arregi Xotako entrenatzaile ohia eta Tatonoren anaia ere.