Irurtzungo musika eskolako ikasleak kultur etxean

Guaixe 2024ko mar. 5a, 09:00
Musika eskolan egiten ari diren lanen irudikapena. UDALA

Udalak musika eskola zaharberritzeko eta igogailua jartzeko lanak hasi ditu eraikinean.

Otsailaren hasieraz geroztik Irurtzungo kultur etxea udal musika eskolaren egoitza bihurtu da. Bi eraikinak elkarren kontra daudenez, ikasle eta irakasleek ohiko norabidean egin beharko dituzte pausoak. Hala izan beharko du ikasturtea despeditu arte. Izan ere, lanak egiteko sei hilabete beharko dituzte langileek, garilera arte. Hori bai, ikasturte berriarekin 132 musika ikasleek eta dozena bat irakasleek musika eskola guztiz berritua izanen dute. 


Lanak despeditu ondoren musika eskolak izanen duen itxura. UDALA

Irurtzungo Udalak eraikinean energia kontsumoa murriztu eta irisgarria bihurtu nahi du. Azken horretarako sarreran arranpa egin, igogailu berria jarri eta komun irisgarriak egin eta haien eta geletako sarbideak aldatuko ditu. Bestalde, teilatutik amiantozko elementuak kendu ondoren, han eta kanpoko paretetan isolatzaileak jarriko dira. Bigarren solairuan sabai aizuna jarriko da. Teilatuaren hegoaldeko aldean 60 eguzki plaka jarriko dira. Musika eskolako argi guztiak LED argiekin ordezkatuko dituzte. Lanak Inserlantxo enpresa egiten ari da eta obraren truke 282.480,76 euro (BEZik gabe) jasoko ditu.