Osasuna Magna Xotak Jaen Paraiso Interior taldea hartu zuen martxoaren 1ean, ostirala, Anaitasunan. Talde andaluziarra izan zen talde nafarra kopatik kanpo utzi zuena, eta errebantxa lortzera atera zen talde irurtzundarra. Erritmo bizian hasi zen talde berdea, eta 10. minuturako 2-0 aurreratu zen, Andres Geraghty eta Leo Café jokalariek sartutako golei esker. Baina, gutxika, partida parekatzen hasi zen. Jaenek aurrera egin zuen, eta 2-1 hurbildu zen Cesarri esker. Juninhok, Eloyk, Dani Saldisek eta Tonik Xotaren markagailua potolotzeko aukera izan zuten, baina baloia ez zen sartu, eta atsedenaldia baino lehen Jaenek bina berdindu zuen, berdeen zoritxarrerako.
Bigarren zatia hasi eta berehala Jaenek bizpahiru jokaldi oso argi izan zituen. Azkenean, bere garaian Xotako jokalari izandako Dani Zurdok Jaen 2-3 aurreratzea lortu zuen, jaurtiketa indartsu bati esker. Xota saiatu zen, baina Jaenek bikain defendatu zuen bere atea. Eta hortik aurrera Jaenen erakustaldia hasi zen, hiru gol sartu baitzituen segidan, 2-6 aurreratuz. Miguel Hernandezek atezain-jokalariaren formula aplikatu zuen eta Dani Saldisek eta Andres Geraghtyk 4-6koa sartu zuten, baina, atzera ere, historia errepikatu zen, eta hiru puntuek ihes egin zuten. Osasuna Magna Xotak emaitza krisia du, eta egoerari buelta eman beharrean dago.
Defentsan hobetu beharra dutela nabarmendu zuen Miguel Hernandez entrenatzaileak partida bukaeran, eta, jakina, punterian hobetu beharra dutela. “Gure buruan konfiantza gehiago izan behar dugu. Taldea oso ongi ari da lanean, eta garaipena iritsiko da. Xota gara, eta horri heldu behar diogu” azaldu zuen.
Mallorca Palma, hurrena
Barçak jarraitzen du lider (44 puntu), El Pozo Murciaren (41 puntu) eta Jaen Paraiso Interiorren (38 puntu) aurretik. Xota hamargarren da (10 puntu). Martxoaren 5ean, asteartea, sailkapenean laugarren den Mallorca Palma Futsalen kontra jokatuko du Xotak, 21:00etan, Son Moixeko Palaun. Partida zaila dute aurretik.