Osasuna Magna Xotak Mallorca Palma Futsal izan zuen aurkari atzo, martxoaren 5ean, Lehen mailako 22. jardunaldiko partidan. Bi taldeak ongi hasi ziren, defentsa lan ona eginez, baina atzetik jokatzen hasita egindako bi akats oso garesti ordaindu zituen talde nafarrak, Palma Futsal 2-0 aurreratu baitzen partida hasi eta 4 minutura. Xotak partidari buelta emateko aukera gutxi izan zituen lehen zatian. Roberto Martilek izan zuen aukera argiena, baina Dani Saldiseren pase bikaina belaunarekin errematatu zuen, eta ez zen barrura sartu. Egoera are zailago jarri zen atsedenaldia baino lehen Palma Futsalek hirugarrena sartu zuenean.
Bigarren zatian askoz hobeki jokatu zuen Xotak, abiadura gehiagorekin eta Palmaren eremuan sartuz. Gol aukerak iritsi ziren, eta Toni Escribanok mustu zuen irurtzundarren markagailua. 3-1, Xota berriro partidan sartu zen. Leo Cafek, Dani Saldisek, Eloyk... aukera ederrak izan zituzten eta gehiago merezi izan zuen Xotak, baina baloia ez zen sartu. Miguel Hernandezek Dani Saldise atezain-jokalari jarri zuen, baina baloi bat galdu zuen Xotak eta Eloyk falta egin behar izan zuen Palmaren gola ekiditeko. Eloyk txartel gorria ikusi zuen horregatik, eta jokalari bat gutxiagorekin aritu behar izan zuen talde irurtzundarrak. Horrek partida berotu zuen, eta Roberto Martil ere kanporatua izan zen, bandatik protesta egiteagatik. Palmak laugarren gola sartu zuen, eta azken minutuan Dani Saldiseren jaurtiketak Palmaren ate barruan bukatu zuen. Xotak 4-2 galduta despeditu zen partida.
Osasuna Magna Xotaren zazpigarren porrota izan zen jarraian. Miguel Hernandez entrenatzailea partida gaizki hasteagatik penatuta zegoen. “Berriro ere gaizki hasi dugu partida, baloia atzetik ateratzerakoan bi akats eginda. Taldeak hasieratik topera hasten dira, eta ez gara gai hori ikusteko. Une horiek irakurtzeko gai izan behar dugu. Ezin dizkiogu arerioari egoera eta aukera hain errazak eskaini, are gehiago Palma bezalako kalitatezko talde bati” azaldu zuen teknikariak.
Derbiaren atarian
Barçak jarraitzen du Lehen mailako lider (44 puntu), 2 puntura El Pozo Murcia, 3 puntura Jaen Paraiso Interior eta 4 puntura Mallorca Palma Futsal taldeak segika dituela. Osasuna Magna Xotak postu bat egin du behera eta hamaikagarren da (25 puntu). Bigarren itzuli honetan taldea ez dago oso fin, eta trabatuta ez geratzeko puntuak bildu beharrean dago Miguel Hernandezen taldea. Eta panorama horrekin Xotak Ribera Navarra talde tuterarra hartuko du martxoaren 8an, ostirala, 19:30ean, Anaitasunan. Ea derbiak sortzen duen ilusioak Xota laguntzen duen, zazpi partida segidan galdu eta gero, inoiz baino gehiago behar baitu garaipena.