22 urtez Xota taldeko entrenatzaile izan eta gero (aurretik jokalaria izan zen, beraz, 37 urte guztira klub berdean), Imanol Arregi Sarasak talde irurtzundarrari agur esan zion joan zen denboraldia bukatu eta gero. Imanolek esana zuen momentuz ez zuela gogorik bere klubaren, Xotaren kontra jokatzeko, eta esana bete du. Merezitako atsedenaldia hartu eta gero, Japonia izango da bere erronka berria. Japoniako F League maila goreneko Nagoya Oceans taldeko entrenatzaile berria izango da teknikari irurtzundarra. Japoniako laugarren hiri handiena da Nagoya. 2,3 milioi biztanle ditu, Pazifikoko Kostaldean kokatua dago, eta Aichi prefekturako hiriburua da. Imanolek hiru denboralditarako sinatu du kontratua. Nagoya Japoniako talderik onena da, joan zen denboraldian hiru txapelketak irabazi zituena. “Hemen Bartzelonarekin sinatuko banu bezalakoa da. Irabazteko betebeharra dago, eta taldeak ongi jokatzeko topera egingo dut lan” azaldu du Imanolek.
Imanol “oso eskertuta” dago klubarekin berarekin izandako konfiantzagatik, eta munduko areto klub onenen artean dagoen Nagoya Ocean taldean lan egiten hasteko “oso pozik” dagoela iragarri du. “Gogor egingo dugu lan klubaren helburuak betetzeko, eta zaleak gozatu arazteko. Eskerrik asko, laster ikusiko dugu elkar” azaldu du Arregik sare sozialetan zabaldutako bideo batean.
Taldeak apirilaren 8an hasiko ditu entrenamenduak, eta Imanol Arregik aste honetan bertan hartuko du bertarako bidea, familiarekin. Nagoya Japoniak maiatzaren 13an hasiko du denboraldia, Oceans Kopa izanen baitu jokoan. Ligari ekainaren lehen asteburuan ekingo dio.