Areto futbola

Derbia irabazita, Xotak irribarrea berreskuratu du

Guaixe 2024ko mar. 11a, 10:02

Bolada kaxkarrari agur esan dio talde irurtzundarrak, Ribera Navarrarekin kontrako derbian gailendu eta gero. Jokalariek eta zaleek gustura ospatu zuten garaipena

Osasuna Magna Xotak zazpi partida jarraian galtzearen boladari agur esan zion, Anaitasunan ATP Iluminacion Tudelano Ribera Navarraren kontrako derbian 5-2 gailendu eta gero. Xotak bolada txarrari bukaera eman nahi zion, eta Erriberako taldea beheko postuetatik ihes egiteko beharrarekin atera zen Anaitasunara. Horri guztiari derbiek sortzen duten ikusmina gehituta, hasieratik bukaerara arte intentsitate, erritmo eta emozio handiko partida izan zen. 

Toni Escribanok baloia lapurtu zuen, jaurtiketa egin, eta Erriberako atezainaren urruntzea Dani Saldisek probestu zuen, talde berdearen lehen gola sartuz. Bigarren zatian dinamika berberarekin jarraitu zuen partidak: Xotak oso ordenatuta jokatu zuen, eta Ribera Navarrak ez zuen arriskua sortzeko ahalmenik. Roberto Martilek baloi bat errekuperatu, Juninhori pasea egin eta horrela iritsi zen Osasuna Magnaren bigarren gola. Ribera Navarrak eutsi egin zuen eta berehala 2-1 gerturatu zen, Asier Llamasen akats bat aprobetxatuta. Talde irurtzundarra ez zen urduritu, eta makina bat aukera sortu zituen. Azkenean, Dani Saldisek sartu zuen hirugarrena. 3-1. 

Partidak erritmo bizia zuen eta zaleak zoratzen zeuden, gustura. Ribera Navarrak bigarrena sartu zuen eta berriro partidan sartu zen, 3-2 hurbilduta. Leo Cafek Xotaren laugarrena sartu zuen segidan, 4-2. Ribera Navarrak atezain-jokalaria jarri zuen, baina partida bukatzeko 3 minuturen faltan Fabinhok 5-2-a ezarri zuen markagailuan. Azken minutuak erotzeko modukoak izan ziren, baina markagailua ez zen mugitu eta 5-2 irabazita, gozatu ederra hartu hartu zuen Xotak. Irribarre zabalarekin eta zaleekin ospatu zuten derbia irabazi izana. 

Miguel Hernandez entrenatzailea pozik zegoen garaipenarekin. “Irabazita, guztia modu ezberdinean ikusten da orain” azaldu zuen. “Garaipen honek azkenaldiko dinamikarekin apurtzen du, eta plantillarendako sari ederra da, behar beharrezkoa zuena. Taldeak dena eman du, zaleen babesarekin, eta hiru puntuak lortzeko gai izan da”. 

Sailkapenean, gora
Barçak jarraitzen du Lehen mailako lider (47 puntu), El Pozo Murcia 2 puntura duela. Osasuna Magna Xota hamargarren postura igo da (28 puntu). Martxoaren 15ean, ostirala, Katalunian jokatuko du Xotak, sailkapenean bederatzigarren eta arerio zuzena den Industrias Santa Colomaren kontra.