Areto futbola

Tuteratik 3 puntu ekarri zituen Xotak

Guaixe 2024ko mar. 13a, 11:50

Emakumezkoen Lehen Senior mailako hemezortzigarren jardunaldian garaipena lortu zuen talde irurtzundarrak

Emakumezkoen Lehen Senior mailan Irurtzungo Xota taldeak Tuteran jokatu zuen, Ribera de Navarra taldearen kontra. Partida oso lehiatua izan zen, bizi-bizi jokatu zena. Xotak 18. minutuan gola sartu zuen. Xotakoak markagailuan alde handiagoa ezartzen saiatu ziren, baina ez zen modurik izan. Zorionez, irurtzundarrek Erriberako taldearen erasoei ongi eutsi zieten, eta 0-1 irabazita, 3 puntu bildu zituzten zakuan. 

Lehen Senior mailako lehen fasea despeditu da. Errioxako Promesas taldea izan da finena (44 puntu), eta Xotak seigarren bukatu du (16 puntu). 

Asteburuan Emakumezkoen Senior Mailako Kopa hasiko da. Hirugarren multzoan lehiatuko da Xota, Mendialdea B, Lacturale Orvina B, Iruntxiki, Promesas eta Vulcanizados Ruiz Tafa taldeekin batera. Lehen jardunaldian Xotak Vulcanizados Ruiz Tafa taldea hartuko du Irurtzungo Atakondoa pabiloian, martxoaren 17an, igandea, 12:00etan hasiko den partidan.