Bezeroak beste modu batera sartzen direla esan du.
1. Noiztik duzue harategia?
Harategia aitak hartu zuen ez dakit zein urtetan, ni jaio aurretik nik uste. Gero gurasoek jarraitu zuten, eta anaia sartu zen ere. Anaia eta aita istripu batean hil ziren, eta harategian ama gelditu zen. Ni 18 urte bete nituenean hasi nintzen. Ez dakit zenbat urterekin utzi nuen eta 14 urtez umeak izan eta zaintzen egon naiz. Duela sei urte itzuli nintzen, bikotekidearekin.
2. Itzuli behar izan zenuen?
Horrela sortu zen. Maiatz, alaba txikiena, hiru urte bete behar zituen eta aldaketa bat behar genuela pentsatzen hasi ginen haurrak eskolan zeudelako. Harategia alokatuta egon zen, eta utzi behar zuen. Amak esan zidan utziko zuela eta esan nion agian buelta bat emango niola. Ama flipatzen: "Nola buelta bat? Zertan?". Xabi, bikotekidea, animatu zen. Berak ez zekien ezer haragitegiaz; duela gutxi gogoratzen egon ginen ez zekiela ezer ez. Baina hasi zen.
3. Zuk ere egiten ikasi zenuen?
Bai. Oso txikia nintzenean oroitzen naiz aitaren hanken artean nola egiten zuen begiratzen egoten nintzela. Betidanik bizi izan dut.
4. Noiz hasi zineten erakusleihoa apaintzen?
Ahizpak ondoan fruta denda bat dauka, eta arbel batean eskaintzak jartzen ditu. Askotan, ireki aurretik elkartzen gara, eta egun batean errotulagailuarekin etorri zen. Esan nion ea pintadaren bat egin behar zidan eta berak ea nahi nuen galdetu zidan. Jarri zuen, gaztelaniaz: "Hemen dago harakinik guapoena", gezi bat jarri zuen eta "hor fruta saltzaile xelebreena", eta aurrean Kati zegoen eta zerbait jarri zuen ere. Jendeak ikusi zuen eta barrez hasi zen. Xabi jeloskor jarri zen, eta beste bat jarri genuen esanez harakin gatzdun eta guapoena zegoela, edo horrelako zerbait. Oso polita izan zen sortu zuena. Handik gutxira pandemia izan zen, eta ikusten genuen barre egiteko beharra zegoela, eta ez genuen utzi.
5. Nondik hartzen dituzue esaldiak?
Batzuk guk sortutakoak dira eta beste batzuk hortik ikusten ditut eta jartzen ditut. Jendeak ere eskaini izan dit. Badago Pinceladas Conscientes deitutako artista bat, eta sareetan ikusi nuen esaldiak zituela, erosi nuen, eta hortik ere hartzen ditut. Beste behin lagun batek Whatsappeko egoeran esaldi bat jarri zuen, jartzeko baimena eskatu nion. Luzea zen eta Xabik esaten zuen luzeegia zela, baina jendea irakurtzen gelditzen zen. Pandemian ezin zenez barruan jende asko sartu, kanpoan irakurtzen egoten zen eta tarteka komentatzen zuten.
6. Bakarrik esaldiak jartzen dituzue?
Marrazkiak egitera ez gara ausartu; eta esaldiak jartzeko ahizpa etortzen da. Nik oso letra txarra dut. Bestela ama egoten da ere. 78 urte ditu eta eskaileretan igota egoten da, eta bitxia izaten da. Egia da ere errazago egiten zaidala gaztelaniaz jartzea. Askotan galdetzen didate ea euskaraz zergatik ez, baina lortzen ditudanak gaztelaniaz dira.
7. Anekdotarik?
Orain dagoen esaldiarekin beste egunean filosofatzen hasi ginen bezero batekin. Beste batean abesti baten zatitxo bat jarri nuen, argazkiak egiten dizkiet eta egoeran jarri, eta lagun batek argazkia taldekoei bidali zien. Ez dakit noraino ailegatu zen.
8. Beraz, harrera ona izan dute?
Bai. Pandemia garaian esaterako jendea beldur zen, eta behintzat esaldia irakurri eta beste modu batean sartzen zen. Nik uste jendeak espero zituela; esan izan didate aspaldi ez dudala aldatu.
9. Zenbatero aldatzen duzue?
Orain dagoena gabonetatik dago. Zorionak eta abar ere jarri genituen, eta horiek bai ezabatu genituela. Boladak dira, badaude bolada batzuk inspiratuago nagoela, eta asko gustatzen bazait uzten dut.
10. Eragina izan dute?
Hori ez dakit. Baina Lacturaleko sareetan jarri zuten: "Gure harategiko lagunek esaldi polita jarri dute...".
11. Hurrengoa pentsatu duzu?
Ez. Gure artea eztabaidak sortzen dira hau jarri edo bestea jarri. Azkenean urratsa nik ematen dudanez, niri gustatzen zaidana jartzen dut.