Lehen Mailako areto futboleko ligan Osasuna Magna Xotak eta Industrias Santa Colomak Katalunian jokatutako partida puntu banaketarekin despeditu zen. Talde irurtzundarra lehen zatian hobea izan zen, baloiaren jabetza kontrolatuz eta defentsa sendoa erakutsiz. Horrela, gol aukerak sortu zituzten berehala. 15. minutuan Roberto Martil kapitain irurtzundarrak taldeko jokaldi bat bikain borobildu zuen, eta talde irurtzundarra 0-1 aurreratu zen. Konfiantzaz jokatu zuen Miguel Hernandezen taldeak.
Baina bigarren zatian partidaren dinamika guztiz aldatu zen. Santa Colomak Xota estutu zuen, baina Asier Llamas atezainak kataluniarren erasoen aurrean atea ongi defendatu zuen. Hala ere, ezin izan zuen banakako berdinketa ekidin. Bi taldeak banakako berdinketarekin iritsi ziren partidaren azken minutuetara. Santa Colomak atezain-jokalariaren formularen aldeko apustua egin zuen. Toni Escribanok garaipenaren gola hanketan izan zuen, baina jaurtiketa kanpora joan zen eta puntu banaketarekin despeditu zen partida.
“Taldea bigarren zatian partidara ongi eusteko gai izan da, eta sari ona lortu du” azaldu zuen partida bukaeran Miguel Hernandez entrenatzaileak.
Orain, Kopa
Lehen mailako ligako 24 jardunaldi jokatu direnean, Barçak eusten dio lidergoari (50 puntu) eta Xota hamargarren da (29 puntu). Asteburu honetan ez da ligako partidarik jokatuko, martxoaren 21etik 24ra Espainiako Kopa jokatuko delako Cartagenan. Hain zuzen ere final laurdenetan talde irurtzundarrak Barça ahaltsua izango du aurkari, martxoaren 21ean, osteguna, 18:30ean jokatuko den partidan.