Egunotan denboraldiko hitzordu garrantzitsuena du talde berdeak: Cartagenan jokatuko den Espainiako Kopa. Final laurdena martxoaren 21ean, osteguna, 18:30ean, jokatuko du talde irurtzundarrak, hain zuzen ere ligako lider Barçaren kontra. Berdeek erronka zaila dute aurretik, baina oso animotsu daude, sorpresa emateko prest. Dagoeneko Cartagenan daude, hitzordu garrantzitsurako prest. "Guretako finala da, eta irabaztera aterako gara" azaldu dute.
Dani Saldisek bere maila onenera gerturatzen ari dela azaldu du. "Hiru urte egon naiz etxetik kanpo, joko sistema guztiz ezberdina duten Movistarren eta Palma Futsalen, eta etxera bueltan, ez nintzen guztiz nire mailarik onenean sentitzen. Gutxika gerturatzen ari naiz". Horregatik oso pozik dago. "Betiko Dani Saldise ikustea nahi dut". Kopa hitzordu garrantzitsua da. Joan zen urtean Kopa irabazi zuen, Palma Futsalekin, eta aurten Xotarekin izatea nahiko luke.
Lau sakandar
Miguel Hernandezek Cartagenara hamahiru jokalari eraman ditu, eta tartean lau sakandar daude: Asier LLamas atezaina, Roberto Martil kapitaina, Dani Saldise pibota, eta Oier Aguirre, Anaitasuna taldean utzita jokatzen duen Xotako jokalari iturmendiarra. Haiekin batera Plazon, Juninho, Toni Escribano, Leo Cafe, Geraghty, Linhares, Pachu, Eloy eta Luis Evangelio jokalariak daude Cartagenan.