Martxoaren 21ean, osteguna, Espainiako Areto Futbol Kopako final laurdena jokatu zuen Osasuna Magna Xotak. Arerio latza zuen, ligako liderra den Barça ahaltsua. Hala ere, ilusioz gainezka guztia ematera atera zen Miguel Hernandezen taldea.
Talde irurtzundarrak sekulako partida egin zuen eta partidaren zati askotan aurretik egon zen markagailuan, Dani Saldise irurtzundarrak 7. minutuan sartutako gol ederrari esker. Barça erasora pasa zen, baina Asier Llamas atezain irurtzundarrak oso ongi zaindu zuen atea. Bigarren zatian Barçak jokoaren intentsitatea areagotu zuen, eta, horrela, 25. minutuan Catelak banakako berdinketa lortu zuen ezkerrarekin jaurtiketa indartsua egin eta gero. Partida gogortu zen, eta bi taldeek bere gol aukerak izan zituzten, baina Asier Llamasek sekulako errezitaldia eman zuen, guztia geldituz. Baina, tamalez, 39. minutuan Catelak Barçaren bigarrena sartzea lortu zuen. Xotak atezain-jokalari formula erabili zuen azken 5 minututan, eta Barça jokalari bat gutxiagorekin geratu zen arbitroak Pinto kaleratu zuelako, protestatzeagatik, baina markagailua ez zen aldatu eta 2-1 galduta, talde irurtzundarra Kopatik kanpo geratu zen.
Jota eta minduta
“Guztiak jota gaude, makilkada gogorra da. Partida ona egin dugu, baina arerioa Barça da, jaurtitzaile bikainak dituen taldea; bi aukera izan dituzte, eta sartu dute” azaldu zuen Asier Llamasek partida bukaeran. Hala ere, taldekideek egindako lanaz “oso harro” zegoela nabarmendu zuen Irurtzungo atezainak. “Taldeak sekulako esfortzua egin du”. Antzeko hitzekin mintzatu zen Dani Saldise. “Oso minduta nago, gehiago merezi izan dugu”. Partida “xehetasunetan” erabaki zela gaineratu zuen. “Partida ona egin dugu, baina une honetan sentsazioa dut izandako aukerak gehiago aprobetxatu behar genituela. Dena beltz ikusten dut, baina Xotak zeresana emango du etorkizunean, ziur” nabarmendu zuen.
Miguel Hernandezek Cartagenara eramandako taldean, Llamas eta Saldise irurtzundarrez gain, Roberto Martil kapitain irurtzundarra eta oraindik ere taldearekin debutatu ez duen Oier Aguirre jokalari iturmendiarra.
Osasuna Magna Xota taldea animatzera makina bat zale nafar hurbildu ziren, tartean irurtzundar asko, eta haiei esker ona azaldu die Xota klubak.