"Saiatzen gara herrian euskaraz eragiten"

Guaixe 2024ko mar. 28a, 11:28
Haizea Urra Albizu, eskuinean, lekukoa eramaten.

Euskararen aldeko errelebo lasterketa pasa minutu batzuk lehenago egindako kale inkesta erantzun zuen Orritz dantza taldeko Haizea Urra Albizuk.

Aurretik entrenatu zenuten? 
Egia esan, ez. 

Nola moldatzen zarete kilometroa erosteko? 
Egiten ditugun dantza emanaldietatik jasotzen dugun dirua gordea dugu, eta zati handi bat horretan inbertitzen dugu. 

Zergatik erabaki duzue parte hartzea Korrikan? 
Guretako garrantzitsuena Korrikaren arrazoia da, ez laster asko egitea, asko irautea, toki pila batetik pasatzea. Guk euskara lagundu nahi dugu. Gure ekarpena da, alde batetik, kilometroa erostea; euskara eta Korrika diruz laguntzea. Urtero erosten dugu. Eta, bestetik, egunaz disfrutatzea. 

Zer garrantzia du euskarak zuen barne dinamikan?
Orritzen euskara garrantzitsua da. Orritz ezin da ulertu euskararik gabe. Orritzetik pasa den jende guztiak, euskara jakin ala ez jakin, bizi estilo batekin lotzen du. Orritzen bizi estiloa da euskaraz bizitzea. Egin izan diren bidaiak euskaraz egin dira. Orritzen identitatea euskara da. Arlo eta adin desberdinetako jende asko elkartzen gara eta guztiek komunean zerbait dugu: euskaraz aritzen gara ahal dugun heinean. Saiatzen gara herrian euskaraz eragiten. 

Korrikaz aparte, zer gehiago behar du euskarak? 
Garrantzitsuena ez da ez dakitenek ikastea, hori ere garrantzitsua da, jakina. Baina euskarak bulkada handi bat behar du, bereziki dakigunona. Egunerokoan gehiago erabili behar dugu.