Areto futbola

Xotak puntu bat ekarri zuen Sevillatik

Guaixe 2024ko api. 8a, 09:54
Azken segundotan berdindu zuen Betisek. XOTA

Partida galtzen hasi zen talde irurtzundarra, baina buelta eman zion. Tamalez, Betisek azken segundotan lortu zuen berdinketa

Lehen Mailako Areto Futboleko 26. jardunaldian Osasuna Magna Xotak Sevillan jokatu zuen, jaitsiera postuetan dagoen Real Betis Futsal taldearen kontra. Partida oso gorabeheratsua izan zen, baina talde berdeak puntu bat ekartzea lortu zuen. 

Partida hasi eta berehala aurreratu zen Betis. Egoera okertzeko, 8. minutuan Dani Saldise lesionatu zen eta horrek talde berdearen eraso ahalmena gutxitu zuen. Xota saiatu zen, baina Betiseko Molina atezainak bikain gorde zuen atea. Bigarren zatia hasi eta berehala bigarren gola sartu zuen Betisek. Xotak ez zuen etsi, eta Fabinhok lapurtutako baloi batek kontrako atean bukatu zuen. 2-1, partidaren borrokan sartu zen bete-betean talde nafarra. Miguel Hernandezek atezain-jokalari formula erabili zuen, eta horrek partida goitik behera aldatu zuen, Geraghtyk bina berdintzea eta Fabinhok 2-3 aurreratzea lortu baitzuten. Betisek ere atezain-jokalari formularen alde egitea erabaki zuen. Hasieran ongi eutsi zuen Xotak, baina partida bukatzeko segundo bakar batzuk geratzen zirenean sorpresa eman zuen Betisek, hiruna berdintzea lortu zuelako. Eta puntu banaketarekin despeditu zen partida. 

Partida “zaila” izan zuela nabarmendu zuen Miguel Hernandez entrenatzaileak. “Aurretik jarri dira eta arazoak sortu dizkigute. Bigarren zatian askoz ere hobeki aritu gara, eta atezain-jokalari figurari esker partidari buelta ematea lortu dugu. Tamalez, azkeneko jokaldian berdindu gaituzte, baina partida oso zailean puntu bat ateratzea lortu dugu. Puntu bat gehiago da, eta batzen jarraitzen dugu”.

Barçak jarraitzen du lider (54 puntu). Xota hamaikagarren da (31 puntu).  27. jardunaldian Xotak sailkapenean laugarren den Madrilgo Inter taldea hartuko du, Anaitasunan.