Apirilaren 8an aurkeztu zuten, Iruñeko Banco Santanderren, La Peluso martxa zikloturistaren laugarren edizioa. La Peluso Cycling Taldeak antolatzen duen txirrindularitza martxa ez lehiakorrak maiatzaren 11n, larunbatean, 8:30ean hartuko du irteera Irurtzungo plazatik, eta txirrindulariek bi ibilbide izango dituzte aukeran, luzea eta laburra.
Aurten 1985 urteko Reynolds taldeko txirrindulariak omenduko ditu La Pelusok, taldearen seigarren urteko txirrindulariak hain zuzen ere. Jose Miguel Echavarriren zuzendaritzapean, ondoko taldea zuen Reynoldsek: Enrique Aja, Guillermo Arenas, Eduardo Chozas, Alvaro Fernandez, Iñaki Gaston, Eduardo Gonzalez Salvador, Julian Gorospe, Carlos Hernandez, Jesus Hernandez Ubeda, Miguel Indurain, Jose Luis Laguia, Francisco Navarro Fuster eta Celestino Prieto. Aurrerago jakingo da zeintzuk parte hartuko duten omenaldian. La Peluso Cycling Taldeko Santi Moreno antolatzaileak adierazi zuenez, urte horretako Tourrean talde nafarrak izan zuen maillota izango dute ikusgai.
Horretaz gain, La Pelusok joan zen urtean erretiroa hartu zuen Movistar Team taldeko Imanol Erbiti Ollo txirrindularia omenduko du. Hiriberrikoak 19 urte egin zituen profesional, guztiak eskuadra berean, eta zenbaki ikusgarriak utzi zituen: Frantziako hamahiru Tour, Espainiako hamabost Vuelta, Giro bat, 2016ko Rioko Olinpiar Jokoak, Munduko zortzi txapelketa eta Europako hiru. Hiru garaipen lortu zituen: 2008an eta 2010ean Vueltan lortutakoak, eta Errioxako Itzulian lortutakoa. Imanol Erbiti La Pelusoren aurkezpenean egon zen, “oso eskertuta”, eta gehien baloratzen duena “zaletuen kariñoa eta babesa” dela nabarmendu zuen.
Izena ematea, zabalik
Santi Moreno antolatzaileak adierazi zuenez, joan zen urteetako izena emate kopuru berbera espero dela, 1.500 txirrindulari ingurukoa. Izena ematea dagoeneko zabalik dago, La Peluso webgunearen bidez, apirilaren 26ra arte. Joan zen urtean eguraldi oso petrala egin zuen eta izena emanda zeuden ia 1.400 txirrindularietatik 687 ausart animatu ziren proba osatzera.
Bi ibilbide
La Pelusok bi ibilbide izango ditu, joan zen urteko berberak. Proba luzea (138 km) gogorra eta gorabeheratsua da: zortzi portu dira –Goñi, Ultzurrun, Madotz-Zuarrarrate, Uitzi, Usategieta, Saldias, Beruete eta Madotz-Zuarrarrate, azkenekoz–, eta Goñi, Irurtzun, Lekunberri, Uitzi, Leitza, Orokieta, Lekunberri eta Irurtzun biltzen ditu. Txirrindularien esanetan, ibilbide ikusgarria. Ibilbide motzak 87 km ditu, eta lau portu: Goñi, Ulzurrun, Madotz-Zuarrarrate eta Zia. Hornidura guneak Irurtzunen, Basakabi gainean, Beruete gainean eta Irurtzungo helmugan egongo dira, baita arazo mekanikoak konpontzeko guneak ere. Santi Morenok azaldu zuenez, hurrengo urtean ibilbidea aldatzeko asmoa dute.
Izena ematen dutenek opari poltsa jasoko dute, eta babesleek eskainitako makina bat sari zozketatuko dira euren artean. Bukaeran, paella gozoa bazkaltzeko aukera izango dute.
ASPACE
La Pelusok fundazio edo elkarte bat laguntzen du urtero, diru ematearen zati bat bertara baitoa. Aurten garun paralisia duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko lan egiten duen ASPACE elkarteari bideratuko zaio izena ematean jasotzen den %10a. Aurkezpenean ASPACE elkarteko ordezkaritza bat egon zen, eta haiekin batera, Iker Flores txirrindulari ohia eta probako hainbat babesle.
La Peluso BTTXtrem, irailaren 7an
Iruntzun Kirol Elkarteak irailaren 7an antolatuko du La Peluso BTTXtrem mendi txirrindularitza martxa. Bi ibilbide izango dira, luzea (58 km) eta laburra (38 km) eta izena ematea ere zabalik dago.