Mendia

Sakanako Ibilaldira, Palestina lagunduz

Maider Betelu Ganboa 2024ko api. 22a, 13:30

Apirilaren 27an, larunbata, abiatuko da XXXIII. Sakanako Ibilaldia, eta 24ra arte eman daiteke izena. Dagoeneko 648 mendizale animatu dira. Aurten Palestinara sarbide bakarra duen UNRWA Nazio Batuen Erakundeko Agentzia lagunduko du Iratxok

Apirileko azken larunbatean, apirilaren 27an, larunbata, Sakanako Ibilaldiaren 33. edizioa abian jarriko da. "Irurtzunen mendi martxa bat baino askoz ere gehiago, ekitaldi handia" dena antolatzeko burubelarri ari da lanean Iratxo elkartea. Apirilaren 12an argibide guztiak eman zituzten Iratxoko Manolo Morenok eta Doris Vicentek, alboan Iratxo mendi taldeko Aintzane Sarasola, Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioko ibilbideen arduradun Josu Tximeno eta Irurtzungo alkate Unai Razkin zituztela.

Himalayatik Palestinara
Hasteko, joan zen urteko martxa ekarri zuten gogora. "Iaz Iñaki Otxoa de Olza Fundazioarekin elkarlanean jardun genuen eta XXXII. Sakanako Ibilaldia-III. Ochoa de Olza Memoriala antolatu genuen. Elkarlana oso aberasgarria izan zen. Eurei esker mendi martxa antolatzeko beste babesle batzuk lortu genituen, eta guk, izena emate bakoitzetik 2 euro bideratu genituen Iñaki Ochoa de Olza SOS Himalaya Fundaziorako. Ahal genuena gehituta, azkenean 6.000 euro lortu genituen fundazioak Makalu bailarako Seduwa herrian duen ospitalerako" azaldu zuen Morenok. "6.000 euro, Himalayan, asko dira" azpimarratu zuen Himalaya ezagutzen duen Unai Razkinek.  

Manolo Moreno: "Izena emate bakoitzeko 2 euro Palestinan lan egiten duen UNRWA agentziara bideratuko dugu"

Aurten elkartasunaren bidean aurrera egitea erabaki du Iratxok. "Nori lagundu pentsatzen ari ginela Israelen erasoa hasi zen, eta ez genuen zalantzarik izan: Palestinan lan egiten duen UNRWA erakundea lagunduko dugu. UNRWA Nazio Batuen Erakundeko agentzia da, Palestinara sarbidea duen bakarra. Israelek agentziari egindako salaketei jarraiki, hamabost bat herrialdek bertan behera utzi dituzte agentziari ematen zizkioten laguntzak, eta %70 murriztu dira, euren lana kinka larrian utziz. Horrela, Sakanako Ibilaldian izena emate bakoitzeko 2 euro bideratuko dugu UNRWA-ra. Gazatarren %80 erakunde horren laguntza humanitarioaren mende dago. Osasuna, hezkuntza, administrazioa, ura... guztia sustatzen du UNRWAk, eta Sakanako Ibilaldiak ahal duen guztia bildu nahi du eurendako" nabarmendu zuen Morenok. 

Sakanako Ibilaldia, betikoa
Sakanako Ibilaldia "betikoa" izango da. "Urte hauetan guztietan soilik bi aldaketa egin izan ditugu: 25. urteurrenean Sakanako Ibilbide luzea kontrako norantzean egin genuen, eta Nafarroako konkistaren 500. urteurrenean Gazteluraino heldu ginen. Norabide aldaketarenak ez zuen arrakasta gehiegirik izan, eta gogorragoa izan zen. Finean, jendeak ez du aldaketarik nahi, Sakanako Ibilaldia dagoen bezala mantentzea eskatzen digute" aipatu zuen Morenok. "Eta zerbaitek funtzionatzen badu, zertarako aldatu?" gaineratu zuen Vicentek. 

Hiru aukera
Aurreko edizioetan bezala, Iratxok hiru ibilbide prestatu ditu, Irurtzunen hasi eta bukatuko direnak: Sakanako Ibilaldi Luzea 06:00etan abiatuko da, Atakondoa frontoitik (54,3 km, 3.388 m desnibel +): Txurregi, EH erdigunea, Beriain, Uharte Arakil, Aralarko San Migel, Agiri, Madotz, Larrazpil, Trinitatea, Irurtzun); Sakanako Ibilaldi Laburra, 08:00etan hasiko da, Foru plazatik (25,5 km, 1.440 m desnibel +): Etxeberri, Itxasperri, Madotz, Larrazpil, Latasa, Trinitatea, Irurtzun) eta Ibilbide Txikia (14 km, 730 m desnibel +), haurrendako, 09:30ean abiatuko da, Atakondoatik (Trinitatea, Latasa, Plazaolako ibilbidea, Arrantzaleen xenda, Irurtzun). Sakanako Ibilaldia Nafarroako beteranoenetakoa da. Luzea Nafarroako eta Euskal Herriko Iraupen Luzeko Ibilbideen Zirkuituan sartuta dago, eta Motza Nafarroako Iraupen Luzeko Ibilbideen Txapelketan. 

Doris Vicente: "Ibilaldiko izena ematea martxa onean doa; 648 mendizale daude"

Izena ematea
Apirilaren 24ra arte eman daiteke izena, Iratxo elkartearen webgunean. Martxaren egunean bertan ezingo da izena eman, hori oso argi utzi nahi du antolakuntzak. "Urtero etortzen zaigu jendea, baina egunean ezin da izena eman". Halaber, apirilaren 22an, astelehena, 18:00etatik 20:00etara izena emate presentziala eskainiko dute Iratxo elkartean. "Aurten izena ematea martxa oso onean doa" azaldu zuen Vicentek. Apirilaren 18an 648 mendizale zeuden izena emanda, 286 Luzean, 313 Motzean eta 49 Txikian. Gehienek azken unera arte itxarongo dute. 

Azken urteetan partaide gehienek Ibilbide Motzaren alde egin dute. "Sakanako Ibilaldi Luzea marabilla hutsa da, zoragarria, baina gogorra" nabarmendu zuen Morenok. "Ibilbide Luzeko parte hartzea ez da berez jaitsi; kontua da parte hartzea igo dela eta Ibilbide Motzekoa izan dela gehien igo dena" azaldu zuen Razkinek, datuak aztertuta. Joan zen urtean 1.400 pertsonak eman zuten izena, eta aurten antzeko parte hartzea espero da. 

Ingurumena, erronka
Ingurumenean aurrera pausoa emanez, aurten antolakuntzak ez du edalontzirik eskainiko. Hortaz, mendizale bakoitzak berea ekarri beharko du. "Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioaren ildoa hori da, edalontziak ez erabiltzearena, eta jarraitu dugu". Halaber, Iratxoren beste kezka bat mendizaleek markatuta dagoen bidea jarraitzea da, paisaia zaintzeko. "Uhartetik Aralarko ibilbidea barratuta dago zenbait guneetan jendeak zabaldutako xendekin. Guk betiko bidea markatzen dugu, eta bertatik ibiltzea eskatzen diegu partaideei" adierazi dute Iratxokoek. 

Boluntarioen bilera
Martxan kontroletan eta guneetan egongo diren ehundik gorako boluntarioen lana lotu beharra dago. Horretarako, apirilaren 20an boluntarioen bilera egin zuten Iratxon. "Boluntarioei gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu, izugarri laguntzen dutelako. Nahi duen orok ateak zabalik ditu". 

Sakanako Ibilaldiak zenbaki handiak mugitzen ditu. Aurrekontua 17.000 euro ingurukoa da. Kamisetak, opariak, hornidura, aseguruak... dirutza da. Antolakuntzatik ibilaldian izena ematera animatu dute, "egun ederra delako, gozatzekoa. Bukaeran giro ederra egoten da Irurtzungo plazan. Rokodromoa jarriko dugu, sagardo kupela, auzate ederra... eta sari ederrak zozketatuko ditugu. Zuen zain izango gaituzue" gonbidatu dute.