Aintzane Sarasola

"Palestinak laguntza behar du"

Maider Betelu Ganboa 2024ko api. 23a, 13:24
Aintzane Sarasola, Iratxon.

Sakanako Ibilaldiak Palestinan lan egiten duen UNRWA Nazio Batuen Erakundeko agentzia lagunduko du. Aintzane Sarasolak egin du lotura lana

Sakanako Ibilaldia apirilaren 27an izango da. Aurten, elkartasunaren bidean aurrera eginez, Palestina laguntzea erabaki du Irurtzungo Iratxo elkarteak. Zehazki, Palestinan lan egiten duen UNRWA erakundea lagunduko dute. UNRWA Nazio Batuen Erakundeko agentzia da, Palestinara sarbidea duen bakarra. Israelek agentziari egindako salaketei jarraiki, hamabost bat herrialdek bertan behera utzi dituzte agentziari ematen zizkioten laguntzak, eta %70 murriztu dira, euren lana kinka larrian utziz. Sakanako Ibilaldian izena emate bakoitzeko 2 euro bideratuko dira UNRWA-ra. 

Sakanako Ibilaldiak UNRWA laguntzeko bidea zuk jorratu duzu.
Irakaslea naiz Agoizko Institutuan. Elkartasun eskolekin Palestinako gatazka lantzen ari ginen, UNRWA Nafarroako Javier Moreno teknikariarekin. Sakanako Ibilaldiak UNRWA-ren alde izena emate bakoitzeko 2 euro biltzearen proposamenaren berri eman nion, gure ekimena asko gustatu zitzaion, eta aurrera egin genuen. Bitartean, UNRWA-k inoiz baino behar eta laguntza gehiago behar zuela ikusi genuen, Israelen salaketak tarteko hamabost herrialdek dirulaguntza ekonomikoa kendu ziotelako, bere aurrekontuaren %70. Orduan Lidon Sorianorekin harremanetan jarri nintzen. 

Nor da Lidon Soriano?
Palestinako aktibista da, medikua eta erizaina, 20 urtez Palestinan lanean aritutakoa. Apirilaren 21ean, igandea, Palestina pairatzen ari den genozidioaren inguruko hitzaldia eskaini zuen Irurtzungo Kultur Etxean, Javier Morenorekin batera. 

Diru bilketa egiteko afari solidarioa antolatu duzue.
Ekainaren 8an izango da, Iratxon, eta bertan bildutako diru guztia emango diogu UNRWA-ri. Palestinako jakiren bat prestatzeko asmoa dugu, eta UNRWA-koek scape room edo mahai jolas bat ekarriko dute, jolas horren bidez Palestinan bizi duten egoera gordinaren berri jasotzeko. Palestinak gure laguntza behar du, eta gizartea sentsibilizatu nahi dugu. Esaterako, gazatarren %80 UNRWA agentziaren laguntza humanitarioaren mende dago. Osasuna, hezkuntza, administrazioa, ura... guztia sustatzen du UNRWAk, eta Sakanako Ibilaldiak ahal duen guztia bildu nahi du eurendako.