Osasuna Magna Xotak, Lehen Mailari eusteko helburua lortua zuela jakitun izanda ekin zion Cartagenaren kontrako partidari, baina berdeak ez ziren poztasun hori partidan islatzeko gai izan. Izan ere, Cartagena euren gainetik pasatu zen eta 7-0 irabazi zien, ahazteko moduko partidan. Murtziako taldeak lehen zortzi postuetan sailkatzeko erronka zuen, Ligako play-offak jokatu ahal izateko, eta euren etxean ez zuten huts egin.
Cartagenaren nagusitasuna erabatekoa izan zen, eta Miguel Hernandezen mutilek ez zuten behar bezala erantzun. “Autokritikoak izan beharra dugu. Partida zaila izango zela aurreikusten genuen, eta ez gara esperotako mailan lehiatzeko gai izan” nabarmendu zuen entrenatzaileak partida bukaeran. “Baloiarekin eta trantsizioekin arazoak izan ditugu, eta euren jokaldiren bat faltaren batekin moztu beharra genuen, baina ez da hala izan. Nolanahi ere, denboraldi ederra ari gara egiten eta hau asimilatu eta ahaztu beharreko zirriborro bat da. Halako taldeekin lehiatzeko %200 eman beharra dago” gaineratu zuen.
Lehen mailako ligako 28. jardunaldia jokatuta, Barçak jarraitzen du lider (60 puntu) eta Xota hamabigarren da (31 puntu). Maiatzaren 3an, ostirala, Xotak sailkapenean hamargarren eta arerio zuzena den Cordoba Patrimonio de la Humanidad taldea hartuko du, Anaitasunan. 19:30ean.