Festen hasierako etxajua pizteko proposamenak egiteko garaia

Guaixe 2024ko mai. 15a, 09:00

Dani Saldisek piztu zuen joan zen urten festei hasiera ematen zien etxajua. ARTXIBOA

Proposamenak egiteko eredu orria kultur etxean aurkeztu edo kulturetxea@irurtzun.eus posta elektronikora bidal daiteke maiatzaren 27ra arte. Jasotako proposamenak Kultura Kontseiluak aztertuko ditu maiatzaren 29an. Eta hautagaitzak badaude, bat hautatzeko herri bozketa eginen da garagartzaroaren 7tik 14ra 

Irurtzungo festak garilaren 17an hasiko dira. Haiei hasiera emateko etxajua pizten da. Herriaren sustapena egin duen Irurtzungo herritar bat, talde edo elkarte batek hartzen du ardura hori. Beti ere, irurtzundarrek aukeratuta. Irurtzungo Udaleko Kultura Zerbitzuak jakinarazi du dagoeneko zabalik dagoela etxajua zeinek botako duen proposatzeko epea. 

Kultur Zerbitzutik gaztigatu dutenez, proposamenak egiteko orria erabili behar da haiek aurkezteko. Eta proposatutakoaren izenarekin batera haren merituen berri ere eman behar da. Etxajua botatzeko proposamen bakarra aurkez dezake pertsona edo talde bakoitzak. Kultur Kontseiluak maiatzaren 29an aztertuko ditu jasotako proposamenak eta, bozketa bidez, gehienez bi hautagai aukeratuko ditu. Hautagaitza bakarra edo bakar bat ere aurkezten ez bada Kultur Kontseiluak erabakiko du zeinek piztuko duen aurten festen hasierako etxajua.

Kontseiluak bi hautagai aukeratu baditu, irurtzundarrek bietako baten alde egiteko aukera izanen dute. Herri bozketan parte hartzeko hiru modu izanen dira: Irurtzungo app, irurtzun.eus webgunea eta aurrez aurreko botoa udaletxean.