Osasuna Magna Xotak Peñiscolaren kontra 7-2 galduta despeditu du 2023/2024 denboraldia. Talde irurtzundarra gaizki hasi zen, eta ia konturatu gabe 3-0 aurreratu zen Peñiscola. Miguel Hernandezen taldea lasaitu, eta partidari buelta ematen hasi zen. Juninhok 3 eta 1ekoa ezarri zuen, baina Xota hobekien zegoenean Peñiscolak laugarrena sartu, eta atsedenaldira 4-1ekoarekin joan ziren.
Bigarren zatia oso dinamikoa eta azkarra izan zen. Xota modu guztietara saiatu zen; Juninhoren jaurtiketak bigarren langa jo zuen, eta aurreko astean debutatu zuen Oier Aguirrek ezin izan zuen behar bezala errematatu. Pachuk Xotaren bigarrena sartzea lortu zuen, baina, azkenean, porrot latza jaso zuen talde nafarrak, 7-2 galdu baitzuen. Albiste ona Carlos Larrayozen eta Joan Aoizen debuta izan zen.
“Partida txarra egin dugu, ez gara partidan guztiz sartu. Oso justu gaude” aitortu zuen Miguel Hernandezek. “Ez da liga despeditzeko eta agurtzeko modurik onena”.
Barçak bukatu du lehen mailako areto futboleko lider (63 puntu), eta Xota hamabigarren sailkatu da (34 puntu). Talde irurtzundarrarendako denboraldia bukatu da, ez baita play-offetarako sailkatu. Aste honetan despedituko dituzte entrenamenduak. Lehen zortzi sailkatuek, Barçak, El Pozo Murciak, Jaenek, Interrek, Cartagenak, Mallorcak, Valdepeñasek eta Manzanaresek jokatuko dute ligako tituluaren borroka.