Ipe Lizarraga Pikuxarreko kidea eta Mintxo Astiz bertsolaria Aixita Bertso Sariketaren sustatzaileak izan ziren. Laugarren edizioa izango da aurten. "Bertsozale elkarteko bilera batetik sortu zen. Zuzendaritza taldean nago, eta bertan aipatu zen Nafarroan ez zegoela gazte sariketa bat non Euskal Herri osoko bertsolariak hartzen dituen", azaldu du Astizek. "Agian" Nafarroan egin zitekeela pentsatu, eta Lizarragarekin hitz egin zuen. Aurrera egin zuten. IV. Aixita Bertso Sariketa maiatzaren 18an, larunbata, 17:30ean, izanen da, Irurtzungo kultur etxean; sarrera librea da.
Euskal Herri osoko bertsolariak eta gazteak dira sariketaren irizpide nagusiak, "baina beste puntutxo bat eman nahi genion; hain gazteak ez izatea", gaineratu du Lizarragak. "Bertsolaritzan badago zirkuitu bat, gazte sariketak direla; behin gazte sariketetatik kanpo gelditzen zarenean, txapelketak daude, baina bestela hutsune bat dago". 22 urtetatik aurrera sariketa aukera gutxi dituzte bertsolari gazteek. Astiz: "Eskolartekoak 18 urtera arte izaten dira, eta gero Iparralden Hernandorena Saria, Zarautzen Lizardi Saria, Gabirin Osinalde, Bizkaian Abra... Baina horiek 22 urtera arte dira, gutxi gorabehera". Nafarroako bertsolari gazteen egoera ikusita, jendea aritzen dela baina plaza gutxi dituztela azaldu du Lizarragak. "Beraz, 30 urte bueltan daudenei aukera bat emateko sortu genuen sariketa ere".
Maila handia
Normalean adin tarte horretako bertsolariek "saio normalak" izaten dituztela aipatu du Astizek. "Topetopean ez dagoen jendea da, txapelketatik eta hainbeste deitzen ez dietenak. Nahiz eta osooso onak izan". Aurtengo Aixita Bertso Sariketara, esaterako, Gipuzkoako txapelketako bere kanporaketan irabazi duen Maider Arregi Markuletak parte hartuko du, eta Paula Amilburu Izargari hirugarren sailkatu da Arabako txapelketan. "Nibeleko jendea da". Aukera gehiago behar dituzte: "bertso saio bat antolatzeko orduan Andoni Egaña, Unai Iturriaga eta Jon Maia deitzen dituzu eta erraza da plaza bat betetzea. Baina harrobia zaindu nahi genuen".
Lizarragak Saats Karasatorre etxarriarraren kasua kontatu du: "Pandemia zela eta abar bertsolaritzatik hanka bat kanpo zuen, eta eskerrak eman zizkigun deitzeagatik, baietza eman zuenetik motibatu zelako, saio oso polita egin zuen, eta hortik eta urtebetera Nafarroako Txapelketako finalean sartu zen". Horrelakoak ikusten dituztenean irizpideak "ongi" pentsatu zituztela uste du irurtzundarrak, "etxeko batekin balio izan digu". "Etxeko jendeak" oso plaza gutxi dituztela gaineratu du.
Arregirekin eta Amilbururekin batera, Patxi Castillo Graciarena eta Ainara Ieregi Aranburu nafarrak, Aitor Bizkarra Ruiz bizkatairrak eta Aitor Servier Etchechuri iparraldetarrak osatzen dute Aixita IV. Bertso Sariketaren kartela.
Castillo eta Ieregi ongi ezagutzen dituzte Irurtzunen. Castillo beratarra da eta Nafarroako txapelketa askotan parte hartu izan du, "umorekoa, oso ongi aritzen da". Ieregi barañaindarra "oso bertsolari berezia" dela esan du Astizek: "Askotan ibiltzen naiz berarekin kantatzen, denetara apuntatzen da, eta beste batzuk etxean lanketa egiten dute, baina Ainarak ez. Ainara den bezalakoa da". Bizkarra "gaur eguneko puntako bertsolaria da". Bizkaieraz egiteko hautua egin zuen. "Maila handikoa". Arregi ere "sekulako bertsolaria" dela esan dute Aixitako antolatzaileek, eta Servier ere "fin" ibiltzen dela gaineratu dute. "Iparraldeko txapelketako finaletik gertu ibili zen". Gertutik ezagutzeko eta entzuteko gogoa dute.
Astizek azaldu duenez, Euskal Herri mailako "arazo" bat dago emakumeak bilatzeko orduan "kostatzen" zaiela: "Ibili ibiltzen dira, eta oso onak dira, baina iristen da momentu bat 22 urterekin edo pixka bat lehenago, non bertso eskoletan hamar neska eta bi mutiko egoten direla, eta mutikoek egiten dute bakarrik aurrera, nahiz eta agian okerxeago ibili". Aixitan herrialde eta genero parekotasuna lortu nahi dute ere.
"Etortzen diren bertsolariek aurreko urtekoekin hitz egin dute dagoeneko, eta gogotsu etortzen dira. Lehenengo urtetan sorpresa hartzen zuten sariketa formatua zela ikusten zutenean", azaldu du Lizarragak. Antolakuntzatik ongi "zaintzen" dituzte eta opariak ere politak direla gaineratu du. "Gutxienez, oso eskertuak joan dira edo horrela helarazi digute". Batzuk irabaztera joango dira eta besteek entrenamendu bat bezala ikusko dute.
Bertsolaritza
Irurtzungo bertso eszenari dagokionez, Pikuxarren Joana Zigandaren eskutik bertso eskola "xume bat" dago, eta herri mailan eta Pikuxarren "konkretuki" urtean zehar hainbat saio antolatzen dituzte. "Presentzia izatea gustatzen zaigu", esan du Lizarragak. Eguberritan urteak daramatzate Barañaingo eta Larraingo bertso eskolekin desafioa antolatzen, festetan bertso poteoak, bertso afariak... "Garrantzitsua da euskara plazan egotea, herrian". "Pozgarria" dela gaineratu du Astizek: "Irurtzun erdigunea bai, baina erdalgunea ere izan da. Eta ikustea inguruko herritan baino saio gehiago egiten direla, pozgarria da. Etxarrin saio pare bat egiten dituzte. Altsasun batere". Irurtzunen bai. "Deigarria eta eredugarria ere bada".