Pilota

Olaetxea eta Cuairan, Irurtzun Pilota Txapelketako finaletara

Guaixe 2024ko mai. 16a, 11:00

Maiatzaren 15ean jokatu ziren lehen mailako finalerdiak. UTZITAKOA

Finalerdi oso borrokatuan, Irurtzungo bikoteak bere taldekide Retegi Bi eta Bergera finaletik kanpo utzi zituen. Bigarren mailako finalerdiak maiatzaren 17an jokatuko dira

32. Irurtzungo Pilota Txapelketako lehen mailako finalerdiak maiatzaren 15ean jokatu ziren, Bi Aizpe pilotalekuan. Bertan bildu zirenek arratsalde bikaina pasa zuten, bi finalerdiak zaletasuna sortzen duten horietakoak izan baitziren, estu eta borrokatuak.

Lehenengo finalerdian Muruak eta Aizpuruk (Soraluze-Aurrera Tolosa) 22 eta 19 hartu zituzten mendean Etxaniz eta Apezetxea (Bergara-Umore Ona). 

Bigarren finalerdian Irurtzun klubeko bi bikote lehiatu ziren, nor baino nor. Olaetxea eta Cuairan batetik, eta Retegi Bi eta Bergera bestetik. Azkenean, tanto bakar baten aldearengatik erabaki zen partida, Olaetxeak eta Cuairanek 22-21 irabazi eta final handietarako sailkatu baitziren. Trinitateko festetan jokatuko diren finaletan, Murua eta Aizpuru izango dituzte aurkari.

Bigarren mailako finalerdiak, jokoan
Bigarren mailako finalerdiak maiatzaren 17an, 19:00etan, jokatuko dira Bi Aizpe pilotalekuan. Lehen finalerdian Bustince-Salgadok (Irurtzun) Garcia-Santesteban (Oberena) izango dituzte aurkari, eta bigarrenean Otxoa-Erlek (Lapke) Tirado-Lizarraga (Beti Onak-Irurtzun). Ea Irurtzun klubekoak herriko finala jokatzeko txartela lortzen duten.