Plazako estalpean jarritako hainbat mahairen bueltan emakumezko irurtzundarrak elkartu ziren eguerdian. Ehoziriak, puntua egin, kakorratz lana, makinarekin eta eskuz josten, bakoitzak nahi zuenean aritu zen, giro eder eta alaian. Parte hartzaileetako batzuek egitekoa partekatu zuten. Beste batzuk elkarlanean euskal jantzi batzuk josten, ondoren Atakontoa eskola publikoaren esku utzi direnak.
Bestalde, bi emakumezko gaztek haurrei eskumuturrekoak egiten irakatsi zieten. Emakumezkoak plazako estalpean joskintzan opatzeak hainbaten jakin-mina piztu zuen eta hara gerturatu ziren, galdezka. Proiektua ezagututa denak pozik joan dira. Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuko gizarte hezitzaileak azaldu duenez, “joskintza eta elkartasuna eskutik hartuta egon dira plazan. Parte hartzaile guztiak esperientziarekin pozik bukatu zuten, eta errepikatzeko gogoz”.