Pikuxar euskal txokoan antolatutako Aixita IV. Bertso Sariketa jokatu zen maiatzaren 18an Irurtzungo kultur etxean. Sei bertsolari gaztek parte hartu zuten, Euskal Herri osotik etorritakoak: Paula Amilburu arabarra, Patxi Castillo Graciarena eta Ainara Ieregi Aranburu nafarrak, Aitor Bizkarra Ruiz bizkaitarra, Maider Arregi Markuleta gipuzkoarra eta Iosu Txoperena Iribarren iparraldetarra. Hasiera batean Aitor Servier Etchechurik parte hartu behar zuen, baina azken orduko aldaketa egon zen eta Txoperenak parte hartu zuen. "Maila handiko bertsolariak guztiak", azaldu dute antolakuntzatik. Zigor Gartzia Zian gai jartzaileari erantzunez aritu ziren. Aitor Bizkarra da Aixita bertso sariketaren laugarren txapelduna.
40 bat bertsozalek "gozatu" zuten Pikuxarrek Irurtzungo kultur etxean antolatutako sariketarekin. "Bertsolariek gaiei erantzuten oso ongi asmatu zuten, eta umorerako tarteak ere egon ziren", azaldu dute Pikuxarretik: "Gai batzuetan bertso hunkigarriak eta besteetan barregarriak ere suertatu ziren".
Gaiez gai eta ariketaz ariketa buruz burukoa iritsi zen; Aitor Bizkarra eta Maider Arregi bertsolariak pasa ziren. "Iparragirreren ofizioka eta puntuka ariketetan bertsolariak gustora, umorez aritu ziren, eta entzuleek beraiekin batera gozatu zuten". Ganbarako lanean, "zure inguruan dena hankaz gora dago" gaiari hiruna bertso kantatu zizkioten.
Buruz burukoa "oso ona" izan zela esan dute antolakuntzatik: "Oso berdindua". Aitor Bizkarrak irabazi zuen Aixita IV. Bertso Sariketako txapela. Sari banaketa Paula Laitak Aizpea euskara taldearen izenean egin zuen; modu honetan antolakuntzak elkarteak Irurtzunen euskaragatik egiten duen lana eskertu eta omendu nahi izan du.
Txapeldunak
Irurtzungo Aixita bertso sariketaren laugarren edizioa izan da aurtengoa. Eli Pagola Apezetxea izan zen Aixitako lehenengo txapelduna, 2021. urtean. Bigarren txapelduna Ane Labaka Mayoz izan zen, eta aurreko urtean, hirugarren edizioan, Amaia Iturriotz Etxanizek jantzi zuen Aixita bertso sariketaren txapela.
Aixita bertso sariketa Euskal Herriko bertsolari gazteei "plazak eta aukerak" emateko sortu zuten, ikusita Nafarroan ez zirela horrelako bertso sariketarik.