Irurtzungo txistulariak eta abeslariak bat eginik

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2024ko mai. 28a, 11:03

Irurtzungo Txistularien taldea eta Irurtzun Kantuz 'Kantu zaharrak, doinu berriak' emanaldian.

'Kantu zaharrak, doinu berriak' ekimena eginen zuten maiatzaren 25ean, Irurtzungo Trinitate festen barruan. Karlos Peñaranda txistu irakasleak kanta zaharren bilduma baten moldaketak egin ditu, eta horiek landu dituzte txistu eta Kantuz taldeek.

Irurtzungo txistulari taldeak eta Irurtzungo Kantuzek Kantu zaharra, doinu berriak emanaldia eginen du bihar, maiatzak 25, larunbata, Barazkigunen, Trinitate festen barruan. Izenburuak dioen bezala, kantu zaharren eta doinu berrien arteko fusioa egin dute. Musika eskolako txistu irakaslearen proposamen batetik sortu zen ekimena, Ana Balda txistu ikasleak eta Aizpea euskara taldeko kideak azaldu duenez.

Irurtzungo musika eskolako txistu ikasleek "taldetxo" bat sortu zuten: "Helduen taldean hiru gaude, gehi beste bi aurretik txistulariak zirenak eta orain taldean jotzen dutenak". Maila guztietako jendea biltzen dela esan du Baldak. Haur taldean "gehiago daudela" azaldu du, "baina horiek bere bidea egiten dute, azkarragoa". Bestetik, Aizpea euskara taldeak abenduan egiten duen Euskara ekitaldiak jardunaldietan eta Trinitate festetan Irurtzun Kantuz ekimena antolatzen du, "badira bi edo hiru urte horrelako deialdi bat egiten dugula; hemen berez ez dago Irurtzun Kantuz talderik, baina iruditzen zitzaigun polita litzatekeela kantatzera ateratzea".

"Karlosek sekulako lana egin du, ikaragarria; ikasleondako oso motibagarria da"

Karlos PeñarBalda Zarranz Irurtzungo musika eskolako txistu irakaslea da; Kantu zaharrak, doinu berriak ekimena sortzeko hirugarren pieza. "Berriozarkoa da, baina bere amona Imotz aldekoa da. Berak Txema Hidalgo Kapare iruindarraren bilduma bat hartu zuen, Nafar Aire Zaharretan izenekoa". Bilduma horretan nafar kanta guztiak agertzen direla azaldu du Baldak: "Azkuena, Aita Donostia eta abar". Txistu irakasleak material hori hartu eta musika eskolako ikasleen herrietako eta inguruko kantak piano, gitarra, saxofoi, akordeoi eta trikitirako moldatu ditu. "Sekulako lana egin du, ikaragarria". Ikasleendako "motibagarria" izan dela esan du Baldak. "Oso ideia polita da. Imotz aldeko kantak daude, adibidez, piano jolea Imozkoa da; Ihabarko kanta batzuk daude, Latasakoak...". 

Proposamena
Ikasturte hasieran, beraz, PeñarBaldak "hau egingo bagenu zer iruditzen zaizue" proposatu zien ikasleei: "Guk lehendabizi nota eta kanta asko ikusi genituen. Baina kantak asko landu ditugu; asko landu dugu". Irakasleak "oso modu errezean" egiten dituela klaseak gaineratu du txistu ikasleak, "oso motibagarria da klaseak emateko modua, eta ezin genion ezetz esan". Txistuarekin egindako doinu hori abestearekin nahastu behar zen ere, "eta nork kantatu erabaki behar genuen". Balda Aizpeako kide denez, Irurtzun Kantuzekin bateratzea egitea pentsatu zuen: "Baietz erantzun zuten, bai irakasleak bai talde guztiak. Polita da. Kantatzeko jendea animatu behar genuen orduan". 

Emanaldia udaberri aldera egitea pentsatu zuten, baina Aste santuko oporrak baino lehen "oso berde ikusten genuen gure burua, eta berak ere berde ikusten zuen". Hortaz, Trinitate festetan egingo dute Kantu zaharrak, doinu berriak emanaldiaren mustutzea. 

Kanten zati batzuk oso ezagunak direla esan du Baldak, "dantza batekin lotzen direlako", baina berez ez zituela ezagutzen gaineratu du. "Orduan Kantuzera etortzen diren batzuekin kontaktuan jarri ginen eta batzuk animatu ziren: 30 pertsona". Kantak aurretik entzun ahal izateko pasatu zizkieten, eta maiatzean hiru entsegu egin dituzte, azkena asteazkenean. "Dena den, kantuz guztietan bezala paperean eramango ditugu; nahiko sinpleak dira eta estrofak errepikagarriak". Gainera, emanaldiaren berri ematen duen kartelean QR bat dago eta bertan kantak deskarga daitezke: "Nik beti papera esaten dut, baina jendea agian telefonoarekin joan daiteke". Abestiak deskargatu ahal izatea ere irakaslearen ideia izan zen.  

Irakasle inplikatua
Peñarana, Irurtzungo musika eskolako txistu irakaslea, "herri batekoa" dela eta "nabarmentzen dela" esan du Baldak. "Oso sartuta dauka txistua kaleko instrumentua dela". Txistu taldea atera izan denean, "bera ere animatu da eta etorri da".