Pilota

Irurtzungo Txapelketarekin, denboraldia akabo

Maider Betelu Ganboa 2024ko eka. 3a, 11:00

XXXII. Irurtzungo Pilota Txapelketako finalista guztiak, Irurtzungo eskolako pilotariekin. UTZITAKOA

XXXII. Irurtzun Pilota Txapelketako txapelek Irurtzundik ihes egin zuten, baina txapelketa ongi joan delako pozik dago Irurtzungo arduradun Miguel Beraza. Denboraldi zaila izan dute, baina Ohorezko Mailari eutsi diote

Maiatzaren 25ean XXXII. Irurtzungo Pilota Txapelketako final handiak jokatu ziren Biaizpe pilotalekuan. Txapelketa Nafarroako afizionatuen mailako txapelketarik garrantzitsuenetakoa da, Nafarroako Euskal Pilota Federazioak antolatzen dituen txapelketa ofizialen atzetik. Aurtengo txapelketan lehen mailan 24 bikote inguru lehiatu dira, eta bigarren mailan 14 bikote, Nafarroako onenak. “Txapelketaren atzean lan handia dago, egia esan. Baina kontentu gaude, partidak ikustera jende asko joan delako eta txapelketa osoan barna giro ederra egon delako, finalean bereziki. Finalera 200 pilotazaletik gora hurbildu ziren, eta oso pozik gaude” azaldu du Irurtzungo Pilota klubeko arduradun Miguel Beraza Loidik. Bezperan, Zabaletaren eta Martijaren omenaldia izan zuten. “Asteburuan topera ibili ginen”. 

Irurtzunek jokatu ziren bi finaletan ordezkaritza zuen, baina, tamalez, txapelek ihes egin zuten. Bigarren mailako finalean Lapke klubeko Otxoak eta Erlek 6 eta 22 hartu zituzten mendean Irurtzungo Bustince eta Salgado. Lapkekoak hasieratik nagusitu ziren eta Irurtzungoei ez zieten aukera zipitzik ere eman. Aldiz, lehen mailako finala oso-oso estua izan zen. Fernandezek eta Aizpuruk (Soraluze-Aurrera Tolosa), batetik, eta Olaetxeak eta Cuairanek (Irurtzun), bestetik, sekulako ikuskizuna eskaini zuten. “Final borrokatua izan zen, oso polita, edozein bikoren alde erori zitekeena; aurpegia ala gurutzea, eta azkenean urdinen aldera erori zen” azpimarratu du Berazak. 22-21 gailendu ziren Fernandez eta Aizpuru. 

Ohorezko Mailari eutsi
Irurtzungo Pilota Txapelketaren ondotik, merezitako atsedena hartuko dute Irurtzun klubeko pilotariek. “Herrien Arteko Txapelketa jokatzen ari gara, baina, bestela, txapelketa ofizialen egutegia bukatu da. Aurten ez dugu denboraldi ona pasatu, lesioak eta bestelakoak tarteko, baina Ohorezko Mailako kategoriari eutsi diogu, eta pilotariak aurrera ateratzeko borrokan jarraituko dugu. Denboraldi berria prestatzen hasiko gara aurki” nabarmendu du Berazak. 

Aurten, maila guztiak kontuan hartuta, 60 pilotari inguru trebatu dira Irurtzunen. “Beteranoak oso ongi prestatuta daude eta oraindik soka luzea dute, eta pilotari gazteak baditugu: Olaetxea, Murgiondo, Azpiroz, Lizarraga, Salcedo, Bustince... gainera, bizpahiru berri etorriko dira datorren denboraldian. Badirudi oraindik ere pilotariek gurera etorri nahi dutela” dio.  

Irurtzun klubean “topera” jarraitzen dute. “Antolakuntza handia eta ordu asko sartzea, horiek dira klubaren martxa oneko arrazoi nagusiak. Gaur egun, jendeak ez ditu aparteko ardurak hartu nahi, eta kosta egiten da, baina aurrera goaz”. Pilotari gutxiago daude, orohar. “Jaiotza gutxiago daude, kirol eskaintza handia, mugikorrak... ez da erraza, pilota kirol oso gogorra delako, indibiduala”. Hala ere, Irurtzunen pilotariak aurrera ateratzen jarraitzen dute. Egun, atzelari gehiago dituzte aurrelariak baino, eta Berazak uste du epe motzean Nafarroan “aurrelarien krisia” izango dutela. “Ez hori bakarrik. Egun, Gipuzkoa Nafarroa baino koska pare bat gainetik dago, pilotarien kopuruari eta pilotarien mailari dagokionez.