Gidaria atxilotuta autoarekin tabernako terrazan zeuden bi emakumezko harrapatu ondoren

Guaixe 2024ko eka. 3a, 08:54

Autoa tabernako terrazan iraulita eta ikerketan parte hartu zuten foruzainetako batzuk. FORUZAINGOA

Atxilotutakoa 21 urteko gizonezkoa da. Harrapatutako bi emakumezkoak, 29 eta 51 urtekoak, anbulantzian eraman behar izan dituzte Nafarroako Unibertsitate Ospitalera. 

Irurtzungo Akaborro industrialdetik Bi Ahizpe kalera autoa gidatzen zuen gizonezkoak kontrola galdu eta Matxain tabernaren terrazan lasai asko zeuden bi emakumezko harrapatu zituen atzo 12:50ean. 29 eta 51 urte dira zauritu zirenak. Bi emakumezkoak anbulantzian eraman behar izan zituzten Nafarroako Unibertsitate Ospitalera.

Ezbeharra eragin zuen autoa terrazan iraulita gelditu zen. Hura gidatzen zuen 21 urteko gizonezkoak positibo eman zuen alkohola atzemateko proban, gehienez ere baimendutako tasa laukoiztu zuen. Proba horretan, marihuanan ere eman du positibo. Harekin batera autoan 21 urteko bi gazte eta 19 urteko bat zihoazen ibilgailuan istripua izan duenean. Nafarroako Foruzaingoak atxilotu egin zuen gidaria, bideko segurtasunaren kontrako bi delitu egotzita: ausarkeriaz gidatzeagatik eta baimendutako alkohol-tasa gainditzeagatik. Gizonezkoa atxilotuta Belosoko Foruzaingoaren komisariara eraman zuten.

Foruzainak eta anbulantziak ez ezik, suhiltzaileak eta mediku-talde bat ere bertaratu ziren istripuaren tokira.