Irurtzungo udal musika eskolan bi irakasle lanpostu aldi baterako bete beharra dute: akordeoi eta musika hezkuntzako irakaslea. Bi lanpostu horiek betetzeko izangaien zerrenda oposizio lehiaketa bidez osatuko du udalak, plantilla organikoan jasotako lanpostu hutsa betetzeko. Gainera, ordezkapen poltsa bana sortuko du lanpostu bakoitzerako. Hautaketa prozesua gainditu arren, ordezkatu beharreko plaza lortu ez duten izangaiek osatuko dute poltsa hori, lanpostu horretan egon daitezkeen beharrak aldi baterako betetzeko.
Baldintzei dagokienez, bi musika irakasle lanpostu horietan aritzeko euskarazko C1 mailako ezagutza eskatu du udalak. Lan baldintzei dagokienez, irailetik abuztura arte, biak barne, iraungo duen kontratua eskaini du udalak, eta B mailari dagozkion oinarrizko ordainsariak gehi %12ko osagarria izanen du. Deialdian interesa duenak eskabidea hilaren 20ra arte aurkez dezake. Oposizio lehiaketaren oinarriak interesdunen eskura daude Irurtzungo udaletxeko bulegoan astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00era eta irurtzun.eus webgunean.