Iratxo elkarteak 8.500 euro eman dizkio UNRWAri

Guaixe 2024ko uzt. 3a, 09:00

Iratxoko kideak UNRWAko kideari txekea ematen. UTZITAKOA

Sakanako Ibilaldi Handia eta elkartasun afarian jasotako dirua Gazara bideratu dute.

Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentziak, UNRWAk, 8.500 euro gehiago ditu. Iratxo elkarteko kide Manolo Moreno Iribasek azaldu zuenez, "hilabete luzetako genozidioa eta neurrigabeko sufrimendua pairatzen ari diren palestinarren bizitzak zertxobait hobetzen laguntzeko balioko du diru horrek". Agentziako ordezkari Javier Moreno Lopezek jaso zuen txekea garagartzaroaren 21ean. Iratxo elkartean egindako elkartasun afariaren ondoren izan zen. 

Elkarteak Sakanako Ibilaldi Handiko mendi martxa antolatzen du eta parte hartzaile bakoitzeko bi euro Gazarako bideratu zituen. Diru bilketa egiteko elkartasun afaria antolatu zuen ostiralerako. 75 bat pertsona elkartu ziren eta izen emateetatik 1.150 euro eskuratu ziren. Mendi martxan jaso ez ziren bost sari emateko zozketako txartelak saldu zituzten eta horrela 1.650 euro eskuratu zituzten. Guztira, 8.500 euro. Iratxo elkarteak “bihotzez, eskerrak” eman dizkie Ibilaldian parte hartu zuten mendizale eta laguntzaileei eta afarian izan zirenei. 

Afaria baino gehiago 
Iratxo elkartean UNRWAko kideek salmenta postua jarri zuten, eta jangela Palestinako banderekin eta agentziaren panel eta argazkiekin apaindu zuten. Mahaiaren bueltan bildu zirenek afari bikaina dastatu zutela esan zuten. Uharte Arakilgo Mirenen gidaritzapean, marokoar kutsuko afari izan zen: kuskusa, oilasko errea, emakume marokoar batek egindako pasta goxoak eta, bukatzeko, te beltza. Menuak mundu arabiarrarekin inolako zerikusirik ez zuen “tokiko ukitua” izan zuen: Palacios enpresak Ibilaldirako emandako eta soberan geratutako txorizoak aprobetxatu eta sagardotan egosi zituzten. Gainera, sagardoa eta ardoa ere izan ziren. 

Afaldu ondoren, Bi Sisters Burger-ek eskainitako hiru bazkari/afari bikoitz eta Kubo jatetxearen bazkari bikoitza zozketatu zituzten. Horretarako, zenbakiak ausaz ateratzen dituen programa bat erabili eta zenbakiak telebistako pantailan nola ateratzen ziren ikusi zuten. Bukatzeko, goiko solairuan, Gazako uraren kutsaduraren inguruko Escape Roomean parte hartu zuten. Horretan aritu zirenei gaua “nahiko” luzatu zitzaien.