Roberto Martil ‘Palote’ irurtzundarrak Osasuna Magna Xotako kapitaina izaten segituko du 2024/2025 denboraldian. Jokalaria eta kluba adostasunera iritsi dira eta beste denboraldi bateko kontratua sinatu dute. Martilek “oso pozik, eta datorren denboraldiari begira bereziki motibatuta” dagoela nabarmendu du. “Joan zen denboraldia gogorra izan zen. Belauneko lesioa zela eta, jokatzen jarraitzeko ahalmena izango ote nuen edo ez, zalantza izan nuen. Beraz, oso pozik nago, taldekideekin aurre denboraldia egiteko irrikaz eta denboraldi osoa egiteko prest. Ea guztia ongi doan”.
Belauneko lesioa “iragana da”, eta datorren denboraldirako “oso motibatuta” dagoela berretsi du kapitain irurtzundarrak. “Ongi sentitzen naiz, eta hasteko oso gogotsu”.
Mundiala jokatuko denez, Lehen Mailako Ligaren hasiera urrira arte atzeratu da. Horregatik, ligak egutegi estua izango du aurten. Osasuna Magna Xotak abuztuaren 26an hasiko ditu entrenamenduak. Aldaketa urtea izango da talde berdearendako, Linhares, Fabinho, Eloy eta Leo jokalariek taldea utzi dutelako, baina Martilek konfiantza handia du Miguel Hernandez entrenatzailearekin eta Xota klubarekin. “Denboraldi zaila izango da, baina Miguel lan handia egiten ari da. Jokalariek konfiantza handia dugu berarengan, eta ziurrenik fitxaketekin asmatuko duela. Gure aukeren barruan talde ona sortzea espero dugu”.
Bestalde, Roberto Martilek emakumezkoen senior mailako Xota taldea entrenatzen jarraituko du.