Gobernuak basozainen bulegoa egiteko aurreneko pausoa eman du

Guaixe 2024ko uzt. 11a, 11:28

Basozainen egoitza hartuko duen partzela. ARTXIBOA

Sakana-Mendialdea eskualdeko Baso Baliabideen Zentroaren exekuzio proiektua idazteko eta zuzendaritza fakultatiboa egiteko zerbitzuen kontratua emateko deialdia egin du.

Foru administrazioak Irurtzungo Trinitate kaleko 26. zenbakiko beheko solairuan du basozainen bulegoa gaur egun. Nafarroako Gobernuak Irurtzungo Erabidea industrialdearen sarreran 755,19 m2-ko partzela bat du. Garai batean Inasako atezainaren eraikina hartzen zuen eremua hain zuzen ere. Gobernuak han Sakana-Mendialdea eskualdeko Baso Baliabideen Zentroa eraiki nahi du. Horretarako haren exekuzio proiektua idazteko eta zuzendaritza fakultatiboa egiteko zerbitzuen kontratua emateko deialdia egin du. Kontratuak 99.090,46 euroko (BEZ barne) balioa du, erredakzioak 58.505,80 euro eta zuzendaritzak 40.584,66 euro. Interesa duenak garilaren 31ko 23:59ra arte aurkez dezake bere proposamena. Egitekoa bere gain hartzen duenak irailaren 16an hasi beharko luke lanean eta lana 2026ko garagarrilaren 30erako despeditu beharko luke. 

Deialdian jaso denaren arabera, eraikinak honako espazioak izan beharko ditu: ezkaratza (15 m2. Guztietan gutxieneko azalera adierazten da), 20 pertsonarendako bilera gela (40 m2), bilera txikietarako gela (10 m2), komuna irisgarria (5 m2), langileen bi aldagela (20 m2), zortzi lanpostu dituzten bi lan gela (30 m2), langileen komuna (5 m2), langileen jangela (20 m2), biltegia (100 m2), garbitokia (20 m2), galdara (10 m2), bederatzi autorendako garajea (150 m2) eta urbanizazioa edo berdegunea (50 m2). 

Espainiako Gobernuaren Oneratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren Ekosistemen kontserbazioa eta lehengoratzea eta biodibertsitatea sailaren bidez Nafarroako Gobernuak  3.705.000 euro jaso zituen. Diru hori Baso-kudeaketa jasangarria atalean sartutako jarduerak finantzatzeko bideratu behar dira, eta hain zuzen, eta horren barruan sartzen da Irurtzungo eraikinaren obra-zuzendaritzaren kontratazioa.