Udalak dozena bat partzela salduko ditu

Guaixe 2024ko uzt. 16a, 09:00

Urbanizazio berriko lanak maiatzean despeditu zituzten.

Urte akaberan eginen da enkantea. Urbanizazio berrian daude eta etxe elkarri atxikiak eraikitzeko balio dute. Enkantera irurtzundar gehiagok aurkezteko aukera izan dezaten, udalak etxebizitzarako lurzorua erosteko laguntzen ordenantza onartu du.

Saihesbidearen, Intxaurreta kalearen eta Lizarra kaleko 20 eta 24 zenbakien arteko espazioan, herriaren hegoaldean, urbanizazio berria du Irurtzunek. Guztira 8.120,8 metro karratuko eremua itxuraldatuko dute, hartatik 4.014,17 m2 kale, hainbat espaloi eta 34 aparkaleku (3 ezgaituendako) plaza izanen dira. Urbanizazio horretan familia bakarreko etxebizitzetarako 29 partzela sortu dira, hamazazpi partikularrenak eta hamabi udalarenak. Azken horietako zortzi saihesbidearen parean daude eta gainontzeko lauak Lizarra kalearen parean, hegoaldean. Haien azalera 143 eta 163 m2 artekoa da.

Gorriz udalak salduko dituen partzelak. UDALA

Hamabi partzela horien salmenta prozesuaren berri emateko, Irurtzungo Udalak informazio batzarra deitu zuen garagarrilaren 27rako. Unai Razkin Iriarte alkateak azaldu duenez, "legeak horrela ezartzen duenez, enkante publiko bidez salduko ditugu partzelak. Urteko azken hiruhilekoan izatea espero dugu eta nahi duen guztiak parte hartzeko aukera izanen du". Deialdiari buruzko zehaztasunak uda pasa ondoren emanen ditu udalak. Alkateak gaineratu duenez, "etxebizitzarako sarbidea eskubide bat dela pentsatzen dugu. Horregatik, sarbidea errazteko ohiko etxebizitzarako lurzorua erosteko dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza onartu du udalak". Razkinek esan duenez, "helburua da enkante publikoaren arauak mugatzea. Bestela, oihaneko legea da: berdin du etxe bat duzun edo ez, berdin du lursaila duzun, berdin du diru asko edo gutxi duzun... Guztiak berdin du. Bakarrik jartzen duzun diruak balio du". Hori arautu nahian, "eta saiatzeko irurtzundarrak bertan gelditzeko, eta herrian bizitza eginen dutenak aukera izateko onartu da ordenantza. "Gazteek sarbidetxo bat izatea ere nahi genuen, jakinik horiek etxe elkarri atxikiak direla eta garestiak direla. Baina horregatik bereizkieta hori egiten da: erroldatuak, 35 urte baino gutxiago izatea eta, herriaren etorkizunean pentsatzen, familia ugariak".

Ordenantza
Onartu berri den ordenantzaren arabera, lurzorua erosteko dirulaguntza eskuratu dezakete Irurtzunen erroldatuta daudenak, gutxienez, bi urteko antzinatasunarekin. Gainera, lurzorua ohiko etxebizitza izateko eskuratu dutenak izanen dute aukera dirulaguntza jasotzeko. Baita etxebizitza jabetzan ez duena, edo etxebizitza desegokiaren titularra dena. Ezin izango dute laguntzarik eskatu haiek, izatezko bikotekideak edo familia-unitateko kideak etxebizitza edo lursail bat, hiri-lurzoruko lursail eraikigarrian edota lurzoru urbanizagarri ordenatuan dutenek, etxebizitza erabilerarako.

Dirulaguntzaren onuradunak ezin izanen du etxebizitza hori hogei urteko epean saldu edo utzi, esleipen-datatik zenbatzen hasita, eta bertan bizi beharko du, gutxienez, epe berean. Bestetik, obra lizentzia lursailaren salmentaren eskrituraren hurrengo urtean lortu beharko du. Etxebizitzak bukatuta eta lehen erabilerako lizentzia eskatuta egon beharko du obra lizentzia eman eta hurrengo bi urteetan. Gainera, lurzorua eskuratzeko dirulaguntza behin bakarrik emango da, eta, beraz, eskuratutako titular/familia unitate eta lur zati bakoitzeko dirulaguntza bakarra eskatu ahal izango da.

Dirulaguntzaren zenbatekoari dagokionez, lizitazioaren oinarrizko prezioaren eta dagokion lursailarengatik ordaindutako prezioaren arteko aldea izanen da, beti ere, lizitazioaren oinarrizko prezioaren bikoitza gainditu gabe. Udalak zehaztu duenez, laguntza diruz lagun daitekeen prezioaren %100era irits daiteke. Dirulaguntzaren kuantifikazio zehatza honako irizpideak aplikatuta lortuko da: gehienez %50, baldin eta Irurtzunen bi urte baino gehiagoz erroldatuta dagoela egiaztatzen bada lursaila erosi zenetik; %40 gehiago, aurrekoaz aparte, eskuratzailea 35 urtetik beherakoa bada eta %10, eskuratzailea familia ugaria bada.

Inkesta eta gobernua
Irurtzungo Udalak, Nasuvinsarekin batera, herritarren etxebizitza premia zein zen jakiteko inkesta egin zuen 2021eko otsailean. Bi eskaera nabarmendu ziren: familia bakarreko etxebizitza baten bila dabiltzan familia helduak eta etxebizitza bat eskuratu nahi dutenak. Irurtzunen nahikoa pisu badaudenez, familia bakarreko etxebizitzen eskaerari erantzuna emateko pausoak ematea erabaki zuen udalak. Gainera, pandemiaren ondorioz, izan zen herritarrik udaletxera joan zenik galdezka ea halako etxebizitzak jasotzeko partzelarik ote zegoen. Udalaren ezezkoa jasotzean, aldameneko herrietara begiratzen zuten herritarrek. Beraz, Irurtzunen biztanleak finkatzeko urbanizazioa egitea erabaki zuen udalak.

Razkinek gogorarazi duenez, "udalak, gobernuarekin batera, hirigintza planaren moldaketa egin zen aurreko legegintzaldian. Haren bidez, Trinitate kalean dagoen kamineroen partzelaren erabilera aldatu eta han etxebizitzak egiteko". Alkateak jakinarazi duenez, "han pisu blokeak eta babes ofizialeko etxebizitzak eraikiko lirateke". Nafarroako Gobernuak partzela okupatuta du. Bere asmoa Etxeberrin, NA-2410 errepidearen ertzean dagoen gatz ontziaren parean dagoen lursail batera eramatea da. Baina Arakilgo Udalak Etxarrengo industrialdean kokatzea proposatu dio gobernuari. "Epe motzean ez dugu eraikuntza lanik aurreikusten, baina Nafarroako Gobernuarekin harremanetan gara partzela horri irtenbidea lehenbailehen emateko", esan du Razkinek.

Kamineroen partzelaren parean ere bi etxebizitza bloke ditu foru administrazioak. Haietako bakoitzaren beheko solairua bulegoek hartzen dute. Haietako bat basozainena da. Gobernuak Sakana-Mendialdea Eskualdeko Baso Baliabideen Zentroa Erabidea industrialdearen sarreran, Inasako atezainaren orubean, jartzeko asmoa du. Dagoeneko lanak emateko deialdia egin du.