Astekaria

Herriz herriko istorioak

Erkuden Ruiz Barroso 2024ko uzt. 17a, 13:08

Lorena Arangoa clown irurtzundarrak 'Jazinta 'La Potra'' antzezlana aurkeztu du; herriz herriko esne saltzaile baten istorioa kontatzen du, baina herri emakumeei omenaldi bat da.

Jazinta 'La Potra' Lorena Arangoa clown eta aktore irurtzundarraren lan berria da. Baina nor da Jazinta? "Herriz herri ibiltzen den esne saltzaile bat da. Noski, ez da gaur egunekoa, gaur egun esnea briketan erosten dugulako. Baina nire amari eta izebei omenaldi bat egin nahi nien". Arangoak azaldu duenez, ez ziren herriz herri ibiltzen, baina herri txiki batekoak dira, Aiegikoak, eta beraiei ez ezik, antzezlana herriko emakumeei omenaldia izatea nahi izan du.

"Herriko emakumeak feminista izan dira feministak zirenik jakin gabe"

"Herriko emakumeak feministak izan dira feministak zirenik jakin gabe; ez zuten libururik irakurri edo ez ziren unibertsitatera joan, baina sekulako aldaketak sustatu zituzten". Aktorearen ama eta izebak, esaterako, prakak janzten hasi ziren. "Zazpi ahizpa ziren, ez zegoen mutilik etxean, aitona bakarrik, eta kontatzen dute aitona mutilaren bila joaten zela, baina ez zela etortzen. Orduan, alabek mutilak bezala lan egingo zutela esan zuten, eta hala egin zuten". 

Familiako emakumeek "sekulako" istorioak kontatzen dituztela gaineratu du aktoreak: "Festetan errondara ateratzen lehenengoak izan ziren; izan ere, aurretik mutilak bakarrik ateratzen ziren, eta haiek mutilak bezainbeste lan egiten zutela esaten zuten. Gainera, oso guapak ziren". Pertsonaia sortzeko senideekin "elkarrizketak, kakotxen artean" izan ditu, eta istorio horietan oinarrituta Jazinta 'La Potra' antzezlana sortu du; uztailaren 12an gaztelaniazko bertsioaren aurkezpena egin zuen Itxasperrin.

Senideen istorioetan oinarritu bada ere, Jazinta 'La Potra' edozein herriko emakumeen istorioak izan zitezkeela esan du Arangoak. "Istorioak ez dira gertatu bezala ateratzen; pertsonaia sortzean aldaketa asko izan dira". Esaterako, protagonistak bere eguneroktoasunean oso garrantzitsuak diren emakumeak oinarri ditu, "baina ez dira bere familiako emakumeak". Jazintaren ama oso txikia zela hil zen eta aitarekin bizi da. "Oinarrian badago emakumeek transmititu dioten hori guztia; nola esan diote hau eta bestea garrantzitsua dela, ez diela txutxumutxuei kasurik egin behar edo landare honekin ez dakit zer egin dezakeela". Euskal Herrian emakumeen transmisio hori oso garrantzitsua izan dela uste du Arangoak. 

Antzezlana
Jazinta herrira iristen da eta egun hori oso egun garrantzitsua da lehen aldiz zerbait probatzeko eramaten duelako. "Oso emozionatuta dago jende asko dagoelako; sorpresa hartzen du ez duelako hainbeste jende espero. Emozionatzen da eta pertsona horiei bere bizitza kontatzen hasten da". Obran zehar ere pertsonaia gehiago agertzen direla esan du Arangoak: "Lehenengo aldia da horrelako pertsonaiak egiten ditudala. Gorputza, ahotsa eta abar gehiago landu dugu". Sandra Agerri Iruñean bizi den tafallarra da lanaren zuzendaria, "berak gorputza eta antzerki fisikoa asko lantzen du, baita objektuena ere". Pertsonaien lanketa "oso interesgarria" izan dela esan du Arangoak. 

Kale antzerki bat da, eta Jazinta esne saltzailea da herriz herri joateko aitzaki "oso polita" zelako. "Antzerkia herriz herri egiten dut. Gainera, haurrek eta gazteek ez dute hori ezagutu, egia esan, nik ere ez dut ezagutu. Irurtzunen bai joaten ginela esne bila, baina herrira ez ziren etortzen". Istorioaren gauza "polit bat da" herri batean kontatzen diotena beste herri batean kontatzen duela, "lehengo egunkariak edo irratiak ziren; esne saltzailaren inguruan biltzen ziren eta elkarrekin unetxo bat pasatzeko momentua zen". Kontratatzen duten tokian herritik kanpo, zelai batean, egitea proposatzen du; esaterako, Baluarteko Oinak hodeietan programarekin Ultzaman egongo da, eta ikuilu baten atarian egingo du antzezlana, "behiez inguratuta". 

Herri guztiek "antzekotasun asko" dituztela esan du aktoreak: "Besteei buruz hitz egiten dute, emakume soltero bat dago edo alargun gelditu den eta gustura gelditu den emakume bat. Emakume horiek herri guztietan daude". Publikoarekin interaktuatzen duela esan du Arangoak, "baina ez dut inor ateratzen". 

Nondik dator La Potra (euskaraz, moxal) goitizena? "Sandrak askotan erabiltzen duen hitz bat da eta kuadrillan La Potra deitzen diote, nire lehengusina bati Potro deitzen diote eta nire amona Petra zen. Joko bat izan da". Gainera, moxalek indarra dutela, baina aldi berean txikiak direnez, "nolabaiteko xamurtasuna" dutela gaineratu du Arangoak. 

Kale antzerkia bakarrik egiten duen lehenengo aldia dela esan du irurtzundarrak, "eta hasieran beldurra ematen zidan". Euskarazko bertsioaren aurkezpena Larraunen egin zuen, udaletxean egitea aurreikusita zuten baina euria egin zuenez eskolan egin behar izan zuen, eta orain Pueblerinas festibalean parte hartzeko deitu diote. "Jaialdi oso polita da emakumeek egindako gauzak aurkeztuko direlako". Uztailaren 19an izango da, Larrionen, eta bertan gaztelaniaz egin behar du; Itxasperriko emanaldia "entsegu irekia" izan zen; "eskerrik asko Arakilgo Udalari lekua uztegatik eta beti adi egoteagatik". 

Jazinta 'La Potra'-rekin abuztuaren 18an Satrustegiko festetara iritsiko da eta, besteak beste, Aintzane Baleztenarekin Milagros & Valentina antzezlanaren emanaldia eginen dute uztailaren 18an, 20:00etan, Irurtzungo festetan. "Beste lasaitasun batekin egiten dut ez nagoelako bakarrik". Urtean zehar ere Patxi Larrea lankidearekin Arangoa El Paraiso de los Rotos antzezlana prestatzen egon da, Pep Vilarekin, Gironan. Gaiarren estreinua egin zuten, eta urriaren hasieran Irurtzunen udazkeneko denboraldiaren mustutzea egingo dute.