Mohammed 'Moha' Hamdi Hajji irurtzundarrak palmares ikaragarria du kickboxingean. 2019an munduko kickboxing txapelduna izan zen, 2022an Europako txapeldunordea, eta 2023an munduko hirugarrena. Aurten Munduko Kickboxing Kopa irabazi du, seigarrena, bestelako lorpen zenbaezinekin batera.
HASIERAK
Noiz hasi zinen kickboxingean?
11 urte nituela, lagun batek esan zidan kickboxingean hasi behar zela, eta probatzera animatzeko. Joan nintzen, gustatu zitzaidan, eta gaurdaino. Irurtzunen Paco izan nuen lehen entrenatzailea. Bi urte barru Burlatako Kanku gimnasiora joaten hasi nintzen astean behin, Joxe Vicente Eguzkizarekin, eta gero Kankun jarraitu nuen.
Kickboxinga, laburbilduz, boxeoa da, baina ostikoekin. Definizio horri zer gehituko zenioke?
Ez da definizio txarra. Kickboxingean modalitate ezberdinak daudela gehitu daiteke. Esaterako, nik gehien bat K1 modalitatea lantzen dut. Kickboxinga da, baina ostikoak emateaz gain, belaunekin ere kolpatu daiteke. Mundu konplexua da hau, modalitate asko daudelako. Kickboxingaz gain, full contact modalitatea ere landu dut (kickboxinga da, baina soilik gerritik gora jo daitezke ostikoak), muay thay modalitatea (K1 modalitatea da, baina ukondoarekin ere kolpatu daiteke eta proiekzioak egin daitezke) eta baita boxeoa ere bai.
Noiz hasi zinen txapelketetan parte hartzen?
Entrenatzen hasi nintzen urtean bertan izan zen. Nafarroako selekzioarekin lehen aldiz 2014-2015 inguruan lehiatuko nintzen. Gogoan dut Oviedon jokatutako Espainiako Kickboxing Txapelketa izan zela, eta zilarrezko domina lortu nuela.
Beraz, berehala nabarmendu zinen.
Ez dakit ba. Urte askotan entrenatzaile izan nuen Joxe Vicente Eguzkizak esaten zidan: “oso txarra zinen, baina zerbait bazenuen” (kar-kar).
Eta zerbait hori zer den deskubritu al duzue?
Ez dakit, badirudi emaitzek berez hitz egiten dutela. Asko entrenatzen dut, zaintzen naiz, konstantea naiz... baina hori mundu honetan gabiltzan guztiok egiten dugu. Aldea nortasunean dago, jarreran: irabazi nahi izate hori, gose hori, besteak baino pixka bat gehiago ematea, eta neure buruan konfiantza izatea.
Kankun entrenatzen jarraitzen al duzu?
Ilbeltzean kickboxing klaseak ematen hasi nintzen Lakuntzan, eta otsailean Kanku utzi nuen. Astean bitan ematen ditut klaseak igerileku gaineko gelan. Hemezortzi ikasle inguru ditut, sakandarrak. Gazteenak 14 urte ditu, eta helduenak 30 urte baino gehiago. Talde polita egin dugu. Txapelketak ditudanean nire lehengusuak ordezkatzen nau, ematen dizkiodan jarraibideekin.
Eta hori guztia ikasketekin eta lanarekin uztartu duzu.
18 urtetatik beti lan egin izan dut, baina aurten, apirilean, Garraioaren Hiriburuko biltegi batean nuen lana utzi behar izan nuen, nituen txapelketa eta lehiaketa guztiekin ez zelako bideragarria. Izan ere, maiatzean Turkian lehiatu nintzen, gero Vigon, ondoren Zaragozan, Bartzelonan, Lisboan, Murtzian, Valentzian, orain Leonen... ez nuen horrenbeste egun hartzeko, eta oraindik beste hainbat txapelketa ditut aurretik. Baina epe laburrean berriro lanean hasiko naiz, ziur.
"Joxe Vicente Eguzkizak esaten zidan oso txarra nintzela, baina zerbait banuela"
PALMARES IKUSGARRIA
Martxoaren 23an, Munduko Kickboxing Kopa irabazi zenuen Italian, seigarrena.
WAKO-k (Kickboxing Antolakuntzen Munduko Elkartea) antolatzen du kopa, eta Espainiako Kickboxing eta Muay Thay selekzioarekin lehiatu nintzen. Kopak urteko hitzordurik garrantzitsuena prestatzeko balio du, aurten, azaroan Atenasen jokatuko den Europako Kickboxing Txapelketa. Open antzekoa da, baina prestigioa du. Finalean alemaniar bat izan nuen aurkari, eta bigarren roundean irabazi nuen, K.O. Seigarren aldiz irabazi dut Munduko Kopa, eta kontentu nago. Gainera, kategoria berrian lehiatu nintzen, -91 kg-ko mailan, eta eroso sentitu nintzen.
Espainiako Kicboxing eta Muay Thay selekzioan sarritan hautatzen zaituzte?
2019 urtetik nago selekzioan, huts egin gabe. Selekzioan hautatua izateko, hasteko eta behin autonomiako txapelketa irabazi beharra duzu, nire kasuan Nafarroakoa, eta Espainiako Txapelketan ere aurrean egon behar duzu. Baina ez da soilik irabaztea; hautatzailearen arreta piztu behar duzu, zure dohainek atentzioa eman behar diote, eta ongi egin dezakezula erakutsi behar diozu. Kopa edo openetara deitzen badizute eta ongi egiten baduzu, Europako edo Munduko Txapelketetara joateko aukera izango duzu. 2019an Munduko Txapelketa irabazi nuen Sarajevon; 2022an Europako Txapelketan zilarra izan nintzen, Robert Krason poloniarrarekin finala galdu eta gero; eta 2023ko azaroan munduko brontzezko domina lortu nuen Portugalen. Oker ez banago, Espainiako Kickboxing Txapelketa sei aldiz irabazi dut, azkena aurten, Guadalajaran.
"Badakit nolako maila dudan, zenbat lan egin dudan eta, hortaz, irabaztera noa beti"
Zergatik aldatu duzu kategoriaz?
Normalean -86 kg mailan lehiatzen nintzen, baina Espainiako Federaziotik mailaz igotzeko eskatu zidaten, pisu horrek 2025eko abuztuan Txinan jokatuko diren World Combat Games txapelketetarako sailkatzen duelako. Horregatik ari naiz pisu astunean lehiatzen (-91). Kategoria horrekin lortu nuen martxoko Munduko Kopa, eta maiatzean Turkian jokatutako Mediterraneoko I. Jokoak.
Palmares ikaragarria duzu. Etxean makina bat gerriko izango dituzu...
Idazmahaian nituen, baina berriki armairuan gorde nituen, hauts gehiago har ez zezaten. Ez dut garaipen guztien kontua ematen. Ez dakit zenbat diren.
Zoazen tokian, faboritoen artean egongo zara. Zuretako presioa.
Nik argi dut zertara noan; presioak ez nau kezkatzen. Badakit nolako maila dudan, zenbat lan egin dudan eta, hortaz, irabaztera noa beti. Zerbait egin behar baduzu, ongi egin beharra duzu. Soilik parte hartzera joatea... gaizki. Beti dago galtzeko aukera; galdu izan dut, eta ziurrenik galtzen jarraituko dut, ez da ezer gertatzen. 130 borroka baino gehiago daramatzat, baina tituluak baino, arerioek asebetetzen naute, borrokalari onekin lehiatzea.
Zein arerio errespetatzen duzu gehien?
Guztiak berdin errespetatzen ditut, baina norbaitekin borrokatzeko gogoak izatea beste gauza bat da. 2023ko Munduko Txapelketako finalerdian irabazi ninduen Aleksandar Markovic-ekin berriro borrokatu nahiko nuke. Oso ona da, lau aldiz izan da munduko txapelduna eta harreman ona dut berarekin; borrokaldi estua izan genuen. Joan zen urtean full contact-ean lehiatu nintzen eta turkiar batek, Rayanek, bi aldiz irabazi ninduen. Atzera ere lehiatuko nintzateke. Hauek amateurrak dira; zirkuitu profesionaleko askorekin borrokatuko nintzateke gustura. Errusiarrak oso onak dira, mundu mailan onenetakoak. Urtero borrokalari berri bat ekartzen zuten, eta onena zen. Baina orain ez daude lehian. Serbiak ere maila handia du. Ekialdeko herrialdeak nabarmentzen dira kirol honetan; borrokalariagoak dira, eta kirol honekiko kultura gehiago dute. Espainiar selekzioa geroz eta gehiago bulkatzen ari da.
Duzun maila kontuan hartuta, zuretako ez litzateke hobe izango zirkuituko hiri handi batean bizitzea?
Ez litzaidake gaizki etorriko, egia esan. Bartzelonan mundu honetan dabilen jende asko dago, eta Madrilen baita ere. Nafarroan Kanku gimnasioan maila handia dago, baina oso gutxi gara. Abentura berria ekitea sarritan izan dut buruan, baina Irurtzunen dut bizia, lagunak, familia, lana... Gainera, mundu hau gorabeheratsua da, iragarrezina. Agian borrokaldi bat hitzartuta duzu eta astebete lehenago arerioa lesionatzen da, edo promotoreak atzera egiten du, eta zuk ez duzu kobratzen. Hiri batera joatea arriskatzea, dituen gastu guztiekin –alokairua, gimnasioa, fisioa, nutrizionista, ongi jatea...– zaila da. Ikusiko dugu zer egiten dugun.
"Atenasen goian egon nahi dut, Txinako World Combat Games-era joateko"
ATENAS ETA TXINA XEDE
Uztaileko hirugarren astean Espainiako Boxeo Txapelketan lehiatu zinen, Leonen.
Aspalditik nuen aritzeko ilusioa, baina bestelako txapelketaren bat izaten nuen. Aurten libre nengoen, eta animatu nintzen. Gustura aritu nintzen.
Hemendik aurrera zein dira helburu nagusiak?
Azaroan Atenasen jokatuko den Europako Kickboxing Txapelketa da erronka nagusia. Lehendabiziko lauak 2025eko Txinako World Combat Games txapelketara sailkatuko dira, eta lan ona egin nahi dut, hor egoteko. Hurrengo helburu nagusia Txinakoa litzateke, sailkatuz gero. 2025ean ere Munduko Kickboxing Txapelketa jokatuko da.
Nola ikusten duzu?
Gerra emango dugu, hori ziur. Ibilbide ona dut, eta pisu eta kategoria berrira ongi egokitu naiz. Azarora bitartean borrokaldi gehiago izatea espero dut, konfiantza hartzeko. Ekainean bi borrokaldi profesionaletan hartu nuen parte. 22an Bartzelonan jokatutakoa irabazi nuen, eta 27an Portugalen jokatutakoa, aldiz, galdu, baina borrokaldia oso paretsu joan zen.
Lesioek errespetatzen zaituzte?
Ongi nago. Beti daude oinazeak, hori bai. Ez dakit saihetsaren bat pitzatuta ote dudan. Aguantatzekoa naiz, onerako eta txarrerako. Gehiegi estutzen dut makineria, aitortu beharra dut. Astelehenetik larunbatera entrenatzen dut, egunean lau ordu inguru.
Irurtzungo festez gozatzeko aukera izan duzu?
Larunbateko kuadrillako afarian eman nuen izena, eta igandean vermouthera animatu nintzen. Lagunak gutxi ikusten ditut, eta aprobetxatu nahi dut.
Kirol honetaz bizi ahal izatea zure ametsa litzateke?
Jakina! Bakarrik borrokatzen badut, oso zaila da. Estatuan profesionaletan gutxi ordaintzen da, eta ez dira borrokaldi asko ateratzen. Zortea alde izan eta enpresa edo promotora handi batekin kontratua sinatuko banu, ordea... Baina oso zaila da.
Familia kontentu dago?
Amak gaizki pasatzen du, ez zaio gustatzen, eta uzteko esaten dit. Baina gainontzekoak pozik daude. Ez naiz kexatzen.