Maite Arzoz

"Irurtzun etxea da, nire gordelekua"

Erkuden Ruiz Barroso 2024ko abu. 2a, 09:00

Irurtzundarra duela bi hamarkada baino gehiago Santanderren bizi eta ondoko herri bateko institutu batean ingeles irakaslea da, baina ez du inoiz Irurtzunekin kontakturik galdu

"Irurtzungoa naiz, plazan dagoen etxekoarena, baina duela 26 urte Santanderren bizi naiz". Maite Arzoz Beramendik ingeles filologia ikasi zuen Zaragozan, eta ikasketak direla eta Ingalaterrara, Eskoziara eta abarrera askotan joan dela esan du: "Erasmuseko lehenengo promozioa izan nintzen, eta Manchesterren urte bat bizi izan nintzen". Eskozian ere elkarrizketa laguntzaile izan zen, eta buelta Iruñeko eskola batean lan egiten egon zen. Ondoren, MECeko oposizioak egin zituen eta destinoa aukeratu behar zuenean, Santander aukeratu zuen: "Gertutasunagatik Kantabria edo Errioxa nuen aukeratzeko, eta Kantabria aukeratu nuen berdeagoa zelako". Iritsi zenean "oso gustura" sentitu zen, eta bertan senarra ezagutu zuen eta hiru "kantabriar" seme ditu. 

"Duela urte pila bat joan nintzen, baina inoiz joan izan ez banintz bezala da"

Arzozendako Irurtzun etxea da: "nire aterpea da, gordelekua; familia oso handia daukat eta etxean anaia bat bizi da... Haurtzaroko lagunak ditut ere eta nire herria da. Nire tokia da". Irurtzundarra Santanderren bizi da eta ondoan dagoen Renedo herriko institutuan irakasle da: "Bertan ere etxean bezala sentitzen naiz; herria Altsasu antzekoa da, eta gazteak oso antzekoak dira ere". Hala ere, jaioterriarekin "lotura" oso handia dela dio. 

Askotan etortzen da Arzoz Irurtzunera. Esaterako, uda osoa pasatzen dute herrian. "Hiru semeek hemen kuadrilla dute eta askotan etortzen gara. Haiek ere hemen oso eroso daudela ikusten dut". Udan, beraz, familian etortzen dira, baina ikasturtean zehar Arzoz bakarrik etortzen da. Duela gutxi aita hil zitzaion eta azkenaldian gurasoekin egoteko askotan etortzen zen. Gainera, kasualitatez, senarra Nafarroan lan egiten ari da, eta Irurtzunen Arzozen gurasoen etxean bizi da. Gabonetan eta aste santuko oporretan ere aste bat egoten da familia osoa Irurtzunen. "Batzuetan ostiralean institututik atera, kotxea hartu eta etortzen naiz. Bueltatxo bat eman, haize pixka bat hartu eta larunbat gauean edo itzultzen naiz. Hiru aste baino gehiago ez dut pasatzen etorri gabe".  2016 eta 2018 urteen artean AEBtara bizitzera joan ziren eta orduan ere udan Irurtzunera itzuli zirela esan du. 

Plaza

"Lehenengo gauza egiten dudana da kotxearekin etortzen ari naizela plazara begiratu ea nor dagoen ikusteko". Ondoren, mendia ikusten duenean "etxera iritsi" dela sentitzen duela gaineratu du. "Barrualdean dagoen zerbait da". Senideak agurtzea da herrira iritsita egin behar duen beste gauza bat. "Hemen nire plana da plangintzarik ez izatea". Iruñera joatea ez zaiola gustatzen esan du irurtzundarrak, "mendira paseo bat ematera joan, plazatik paseatzen jendearekin topo egitea eta kafe bat hartzea... Duela urte pila bat joan nintzen, baina inoiz joan ez banintz bezala da. Ez dut kontakturik galdu". 

Ikasturtean zehar klaseak ematen dituenez, udan eskulanak egin nahi dituela esan du Arzozek: "Baina zazpi egitea pentsatzen dut, eta bakarra egiten dut. Eguna lasaitasunez pasatzen zait, eta hori nahi dut: paseatzera joaten naiz, igerilekura, norbaitekin elkartzen naizela...". Hori "plazera" dela esan du. 

"Uzta jasotzen deneko usaina udako usaina da, hori eramaten dut; irudia ezin dut bakarra aukeratu: Trinitatea eta Bi Ahizpak, baita plaza ere". Lagun kuadrillak ezkontzarako Bi Ahizpen koadro bat oparitu zioten, "eta hor dago beti egongelan". 

Momentuz abuztu bukaerara arte egonen dira Arzoz eta familia Irurtzunen eta irailean itzuliko direla aurreikusi du: "Aitaren urtebetetzeagatik bazkaria egin izan dugu beti; kanpoan bizi den anaia etorriko da ere, eta amak esan du egingo dugula". Bestela ere herrira itzultzea ez zaiola batere kostatzen aitortu du.