Pilota

Adrian Azpiroz, Antiguako torneoko txapeldun

Guaixe 2024ko ira. 10a, 09:30

Adrian Azpiroz irurtzundarra, ezkerrean, alboan Jorge Fernandez taldekidea duela. ANTIGUAKO PILOTAZALEOK

Jorge Fernandez errioxarrarekin bikotea osatuta, txapelketa beteranoko elite mailako txapela jantzi zuen atzelari irurtzundarrak

Irailaren 1ean Donostiako Antiguako Pilota Txapelketako 76. edizioko finalak jokatu ziren mukuru beteta zegoen Antiguako pilotalekuan. Txapelketa beteranoan afizionatuen eta promesen mailako pilotari onenak lehiatu ziren. 

Emakumezkoetan Goiuri Zabaletak eta Itxaso Erasunek jantzi zuten txapela, partida lehiatuan Olatz Arrizabalagari eta Leire Galeanori 22-13 mendean hartu eta gero. Promesetan, Xabier Rekaldek eta Oier Elorzek lortu zuten Oihan Etxeberriaren eta Julen Sotilen aurretik gailentzea, emozio handia izan zuen partidan, 21era berdindu baitzuten. Rekaldek sakez egindako azken tantoak eman zien garaipena. 

Elite mailan, Jorge Fernandez aurrelari errioxarrak eta Adrian Azpiroz atzelari irurtzundarrak Julen Alberdi eta Antton Apezetxea izan zituzten aurkari. Hain zuzen ere, Adrian Azpiroz irurtzundarrak uko egin behar izan zion bezperan Otadiko Kristo Deuna Txapelketan parte hartzeari, Antiguako finala jokoan zuelako. 

Adrian Azpirozek eta Jorge Fernandezek biko sendoagoa osatu zuten, eta aurkariak baino hobeak izan ziren. Hasieran Apezetxeak huts batzuk pilatu zituen eta horrek airea eman zien aurkariei, baina berehala buelta eman zioten, eta lehian bete-betean sartu ziren. Azpirozek eta Fernandezek serio jokatu zuten, eta garaipenean sinistu zuten. Lan ona eginez, tantoak batuz joan ziren. Aldiz, aurkariak ez ziren horren fin ibili, eta, azkenean, Azpirozek eta Fernandezek jantzi zuten txapela, 22-15 gailenduta.