Areto futbola

Xotak Nafarroako Kopako finala jokatuko du

Guaixe 2024ko ira. 9a, 09:40

Osasuna Magna Xotako jokalariak, Nafarroako Koparako sailkapenarekin pozik. XOTA

Finalerdietan Tafatrans 2-4 hartu zuen mendean, partida oso borrokatuan

Osasuna Magna Xotak abuztuaren bukaeran hasi zituen 2024/2025 denboraldia prestatzeko entrenamenduak eta lagunarteko partidetan eta bestelako torneoetan murgilduta dago. Irailaren 5ean Irurtzungo taldeak Nafarroako Kopako finalaurrekoa jokatu zuen Vulcanizados Ruiz Tafa taldearen kontra, eta berdeek garaipena lortu zuten, Tafallako taldeari partida zaila eta borrokatuan 2-4 gailendu eta gero. Tafallako taldea bitan aurreratu zen, baina bigarren zatian ofizio handiagoa erakutsi zuten irurtzundarrek, eta partidari buelta eman eta gailendu ziren. 

“Tafak estutu gaitu, baina denboraleari aurre egin diogu eta gure unea iristera arte itxaroten jakin izan dugu” azaldu zuen partida bukaeran, Miguel Hernandez entrenatzaileak, Tafa taldea goraipatuz.

Osasuna Magna Xotak ATP Tudelano Ribera Navarra taldea izango du aurkari Nafarroako Kopan. Tuterako taldeak 1-6 irabazi zion San Juan taldeari finalerdietan. 

Guardoko garaipena
Osasuna Magna Xotak lagunarteko partida jokatu zuen Guardon (Palentzia) irailaren 7an. Talde berdeak Bigarren B mailako Deporcyl Guardo taldearen aurkezpenean parte hartu zuen, eta aipatu taldearen kontra jokatu zuen lagunartekoa. 0-4 gailendu ziren nafarrak. 

Talde nagusien partida hasi baino lehen, jubenilen mailako Xotak eta Guardok lagunarteko partida jokatu zuten, eta kasu honetan ere Leandro Fernandezek zuzentzen duen Xota gailendu zen, 1-6.