Astekaria

Antzerkia topagune

Erkuden Ruiz Barroso 2024ko ira. 18a, 11:41

Angel Sagues antzerkigilea, lehenengo planoan, Irurtzungo antzerki tailerrarekin. UTZITAKOA

Lau herritako antzerki tailerren antzezlanen emanaldiak izanen dira Irurtzungo kultur etxean irailaren 20an, 22an, 27an eta 29an, Artikusek antolatutako Antzerki tailerren topaketan. Angel Sagues antzerkigilea da sustatzailetako bat.

Angel Sagues antzerkigileak bi hamarkada inguru daramatza Irurtzungo antzerki tailerreko zuzendari eta taularatzen dituzten antzezlanen dramaturgoa izaten. Irurtzungo tailerrekoa ez ezik, antzerki tailer gehiago gidatzen ditu Saguesek. Artikus konpainiaren bidez bost antzerki tailerren arteko topaketak egitea erabaki zuten. "Antzerki tailerretako kideak emanaldi gehiago egiteko gogoz gelditzen ziren. Hasieran Etxaurin topaketa bat egiten genuen". Urte luzez bost herrietan topaketak egiteko lan "handia" egin zuten, eta azkenean aurreko urtean Antzerki tailerren topaketa egitea lortu zuten: "Oso aberasgarria da; elkartzen dira, elkar ezagutzen dute... Hori da gure lan egiteko modua".

"Antzerki topaketak oso aberasgarriak dira; elkar ezagutzen dute..."

Antzerki tailerren topaketen barruan irailaren 20an, 22an, 27an eta 29an (ostiralak eta igandeak), 19:00etan, lau antzezlan ikusteko aukera izanen da Irurtzungo kultur etxean: En el parque, ¡Qué fácil!, Faroles del pueblo eta Sueño del Valle, hurrenez hurren. Irunberri, Orkoien, Oltza Zendea eta Etxauriko antzerki tailerrak izanen dira gonbidatuak. Irurtzungoa herri horietan izanen da Un día en el campo maiatzan mustu zuen ikuskizuna interpretatzen. Antzerki topaketen emanaldiko sarrerak 5 eurotan eros daitezke, Irurtzungo Udaleko webgunean edo kultur etxean.

"Orain iraila iristen dela tailer bakoitzean pentsatzen hasten naiz, aurreko urteko antzezlanaren gaia begiratzen dut eta aurtengoarenean pentsatzen hasten naiz. Lehenengo ideiak ateratzen dira, baina tailerraren lehenengo egunera iristean, lehenengo topaketa horretan, haiekin elkartu eta hor ateratzen zait benetako ideia". Saguesek idazten ditu antzerki tailerretako antzezlan gehienak eta taldekideak "inspirazio nagusia" direla esan du.

Tailerrean parte hartzen duen jendearen arabera eta haien ezaugarriak ere kontuan hartu behar direla esan du antzerkigileak: "Tailer bakoitzean hamabost eta 30 pertsona inguru daude; 8 urtetatik jubilatuetara. Horrek guztiak sortzen dudan lana baldintzatzen du". Tailer bakoitza mundu bat da. "Herrien baldintza sozialak, baita ekonomikoak ere, desberdinak dira. Herri batzuetan zenbait herritako jendea doa, Irurtzunen esaterako Iruñeko jendea ere badago. Herri bakoitza abentura bat da".

Ogibidea
Sagues duela lau hamarkada hasi zen antzerkiaren munduan, esperientzia hori ere gradu bat da antzezlanak sortzeko orduan eta tailerrak gidatzeko orduan. "Duela 40 urte hasi nintzen antzerkian, eta horrek asko laguntzen du sortzeko orduan ere". Hala ere, aitortu duenez, askotan ez daki nola egiten duen urtero lau antzezlan desberdin sortzeko, "aurrera egiten dut, tokia eta jendea begiratu, inspirazioa hartu, eta sortu". Urtetik urtera lan berri bat sortu behar du.

Antzerkiak eszenaratzea "beste mundu bat dela" esan du Saguesek. Kontuan hartu behar dira herrietako emanaldiak egiteko baldintzak: "Irurtzunek badu areto bat eta ikuskizuna horren gainean sortu behar dut. Baina, adibidez, Irunberrin zinema areto zahar batean egiten da, oso handia da, eta baliabide teknikorik gabekoa. Oltzan kale antzerkia egin behar dut beti". Baliabide teknikoak eta tokikoak hartu behar ditu antzerkiak sortzeko orduan, "eta ez dute bata bestearekin zerikusirik". Antzerki tailerren topaketei esker, tailer bakoitzeko kideak baldintza horietara egokitu behar dira. "Esperientzia politaren zatietako bat da. Ikasi behar dute beste modu batzuetara komunikatzen, beste egoera batzuetan, beste publiko batendako.... Askotan esaten dute: 'Jendea gu ikustera dator eta ondo pasatzen du ezagutzen gaituztelako. Topaketetan ikusten dutena da ez dela lekuaren araberakoa; egiten duzunak funtzionatzen badu, funtzionatuko du Irurtzunen, Irunberrin edo Orkoienen. Hori ere polita da".

"Antzerkia egiten dut bizi naizen bezala; nik uste hori dela sekretua"

Irurtzungo antzerki tailerreko kideek Saguesen lana goraipatu zuten. Hari esker asko ikasten dutela eta oso gustura joaten direla esan zuten. "Lan hau nire bizimodua da. Bizi naiz antzerkia egiten dudan bezala, eta imajinatzen dut hortik doala gauza. Niretako filosofia bat da; besteekiko irekia izatea, entzutea, ikustea eta horrekin lan egitea, emozioak, sentimenduak eta bakoitzaren baldintzekin". Antzerki taldeko kide bakoitzari "denbora eta arreta" eskaintzea eta hortik munduak eta istorioak "asmatzen jolastea" da haren sekretua: "Gauza marabillosoak ateratzen dira, betiere gizakiarekin zerikusia dutenak".

Herrien artean antzerki tailerren II. zikloa

Irurtzungo kultur kultur etxean

Emanaldi bakoitzeko sarrerak: 5 euro, Irurtzungo Udaleko webgunean edo kultur etxean

Irailak 20 ostirala, 19:00

Oltza Zendeako antzerki tailerra: En el parque antzezlana.

Irailak 22 igandea, 19:30

Orkoiengo antzerki tailerra: ¡Qué fácil! antzezlana.

Irailak 27 ostirala, 19:00

Irunberriko antzerki tailerra: Faroles del pueblo antzezlana.

Irailak 29 igandea, 19:00

Etxauriko antzerki tailerra: Sueños del valle antzezlana.