Irurtzungo Udala mugikortasun plana gauzatzeko neurriak hartzen hasi da

Guaixe 2024ko ira. 26a, 09:00

Auto bat Berria kaletik ateratzear.

Planak hainbat fase izanen ditu. Dagoeneko bi kale noranzko bakarreko bihurtu dira. "Udalaren baliabideekin egiten ari gara. Baliabide horiek erabili behar dira herria antolatzeko, eta hirigintzaren ikuspegitik pertsona guztien integrazioa lortzeko".

Irurtzungo Udalaren Irurtzunen bizi eta mugi mugikortasun planak sei egoeratan herritarrek errespetuz jokatzeko helburua du. Alde batetik, espaloietan oinezkoek bakarrik erabiltzea. Bestetik, mugikortasun arazoak dituzten pertsonendako aparkalekuko plazak errespetatzea. Udalak taxien eta autobusen erabilera esklusiboko guneak izendatu dituenak kontuan hartzea. Baita garraiolarien zamalanetarako erabiltzen dituzten eremuak ere. Horiekin batera, aparkatzea debekatzen duten marra horiak errespetatzeko deia egin du udalak. Eta behar bezala aparkaleku irregularrak bazter uzteko deia egin du. Azkenik udalak garajeen irteerak errespetatzeko eskatu du. Irurtzungo Udalak gogorarazi du arau-hauste bakoitzak dagokion zehapena dakarrela.

Unai Razkin Iriarte alkateak azaldu duenez, "Irurtzunen mugikortasuna arazo bat dela ikusi genuen. Behintzat hobetzeko ertz asko zituela pentsatzen genuen. Horregatik, mugikortasun plana martxan jarri dugu". Alkateak esan duenez, planaren ardatz nagusia "herrian bizikidetza erosoa egotea da". Horretarako, Irurtzungo Udalak kontuan izan ditu ibilgailuak, oinezkoak, mugikortasun murriztua duten pertsonak, zerbitzuak eta abar.

Eskaera gobernuari
Alkateak jakinarazi duenez, udala mugikortasun plan integrala prestatzen ari da. "Dagoeneko hainbat ekintza egin ditugu. Eta legegintzaldi honetan horretara goaz". Helburu nagusia lortzeko hainbat ekinbide martxan jarriko ditu udalak. Razkinek azaldu duenez, "garrantzitsuenak, edo gehien kostatuko direnak, herriko bi kaleren jabetza eskuratzea izanen da: Lizarra kalea eta Bi Ahizpe kalea". Gaur egun bi kale horiek Nafarroako Gobernuarenak dira eta errepide izendapena dute. Razkinek jakinarazi duenez, "erantzuna jaso dugu. Behin saihesbidea eginda, Lizarra kalearen jabetza eskuratzeko prozesua hasi da eta bukatzean Irurtzungo Udalarena izanen da. Saihesbidea Nafarroako Gobernuaren eskumena izanen da eta errepide nagusi bihurtuko da". Bi Ahizpe kaleari dagokionez, alkateak azaldu duenez, “esan digute momentuz ez dela posible. Industrialdea, Matxain jatetxea eta autobiarako sarrera hartzen duen espazio hori beste modu batera antolatu behar baita. Hori egin arte ez genuke kale horren jabetza hartuko". Gaineratu duenez, "Nafarroako Gobernuarekin norabide horretan lanean gabiltza. Lizarra kalea herriarena azkar izatea espero dugu, bestea eskuratzeko itxaron beharko dugu".

Behin kaleen eskumena izanda, Razkinek aurreratu du parte hartze prozesua abiaraziko luketela: "herriak Lizarra kalearekin zer egin eta herri erdigunea beste modu batera nola antolatu nahiko lukeen erabakitzeko. Herritarrek hala nahi badute, behintzat".

Razkinek azaldu duenez, "saihesbidea eginda ere, oraindik herri erdigunetik nahikoa ibilgailu pasatzen dira. Nahiz eta saihesbidea egin zenetik egoera nabarmen hobetu den”. Kamioiak ere pasatzen direla gaztigatuta, alkateak jakinarazi duenez, “antza, GPSak eguneratu gabe omen daude eta, oraindik ere, baten bat, despistatuta, herri erditik pasatzen da, bai".

Neurriak hartzen hasita
Bitartean Irurtzungo Udala zenbait neurri hartzen hasi da. Aurrenekoa Elizpea eta Berria kaleen trafiko ordenamendu berria izan da. "Aparkatzeko arazo larriak genituen. Auto asko espaloien gainean aparkatzen zuten, horrek sortzen dituen arazo guztiekin. Uste dugu hainbat jarrera atzean utzi behar direla. Zentzu komuna izan eta gure bizilagunak direnak errespetatu behar ditugu: oinezkoak, mugikortasun murriztua dutenak, haurren aulkitxoekin joaten direnak eta abar". Horiek kontuan izanda, aipatu bi kaleak norabide bakarreko kaleak bihurtu ditu udalak. Aldi berean, ibilgailuak aparkatzeko plaza berriak pinturaz markatu ditu. "Momentuz, balorazioa ona da. Eta horretan jarraituko dugu".

Aurten ere liburutegi ondoko aparkalekuko zorua berrituko du Irurtzungo Udalak. "Behin betiko asfaltatuko dugu, eta herri erdian aparkaleku berria izanen dugu. Hori izanen da herri erdigunea antolatzeko oinarrietako bat". Lanek 137.000 euro inguruko aurrekontua izanen dutela aurreratu du alkateak. Bestetik, Irurtzungo Udala beste jarduera bat egiten ari da aurten: mugikortasun murriztua duten pertsonak ibilgailuak aparkatzeko aparkalekuak hainbat eremutan jartzen eta margotzen ari da berriro, "eremu bakoitzak halako aparkaleku bat izan dezan. Gainera, pertsona horiekin bilera izanen dugu. Jakin nahi dugu herrian zein arkitektura oztopo dituzten, horiek pixkanaka moldatzen joateko", argitu du Razkinek.


Ezkerrean Berria kalea, eskuinean aparkalekua eginen den tokia.

Irurtzungo Udalak inguru horretan bigarren fasea egitea aurreikusi du 2025ean. "Lehengo zinema zegoen lursaila elizari erosi diogu (74.000 euro) eta han aparkaleku bat eginen dugu. Horrek Artadia, Ardantzeta eta eremu horretako kaleen egoera hobetuko duela pentsatzen dugu". Aparkaleku berriak 25 bat ibilgailurendako tokia izanen luke. "Baina oraindik proiektua ez dugu eta zehaztapenak harekin iritsiko dira". Heldu den urteko egitekoetako bat izanen da herriko beste toki batzuetan ibilgailuek aparkatzeko tokiak margotzea. "Gutxika-gutxika guztion artean aurrera egitea", laburbildu du alkateak.