Dinabide berritu bulkada emateko

Guaixe 2024ko ira. 24a, 09:29

Coworkingerako espazioan lanean.

Sakanako Garapen Agentziak Dinabiden 72.984,75 euroko (BEZik gabe) inbertsioa egin du udan. Lanen helburua izan da, alde batetik, ekitaldiak hartzeko funtzio anitzeko espazioa sortzea eta, bestetik, ekipamendu berriak hartzeko teknologia lantegia egokitzea.

Nafarroako Gobernuaren Eskualde Aktibazio Dirulaguntzarekin Dinabiden lanak egin dira udan. Sakanako Garapen Agentziako kudeatzaile Iker Manterola Matxainek azaldu duenez, "lan horiek eginda beste bulkada bat eman nahi diogu. Dinabide 2020an ireki genuen. Denbora pasa da eta beharrak aldatu dira. Errealitatera moldatzea izan da helburua".

Lanei dagokienez, "erabilera anitzeko gela edo espazio bat egokitu dugu, 84 m²-koa eta 40 pertsona hartzen dituena. Orain arte hainbat ekitaldi egin ditugu, baina ibilbideak erakutsi digu halako gune baten beharra genuela. 20 edo 30 pertsonatik gora elkartzen ginenean beti ezin moldatu ibiltzen ginen". Lanak eginda, prestakuntza saio, hitzaldi eta bestelakoetarako "espazio egokia" lortu dute. "Gainera jende gehiago hartzeko aukera ematen du", gaztigatu du Manterolak. 

Espazio bera bi itzultzaile kabinaz hornituta dago. "Hainbat proiektutan itzultze aukera genuen, eta egokitzen hasita kabinak sortzea erabaki genuen. Itzultzaileek etorkizunean erabiltzeko, edo bilerak edo teledeiak egiteko espazio gisa erabiltzeko", azaldu du Manterolak. Coworking eremuan ere aldaketa egin dute, " prestakuntza gela coworeking-eko bigarren espazioa bihurtu da. Han lan egiten dutenek erosoago lan egiteko. Hainbeste jende eremu berean, zaila izaten zen kontzentrazioa mantentzea".

Bestetik, teknologia tailerrean zegoen konfigurazioa egokitu dute: "elektrizitate sistema guztia berritu da. Oinarriak jarri ditugu urte akaberan etorriko diren ekipamenduak bertan jartzeko", jakinarazi du SGAko kudeatzaileak.

Bitartekoak
Dinabideren helburua da enpresa txiki eta ertainen digitalizazioa sustatzea. Batez ere enpresetan zentratzen da. Baina, horretaz aparte, herritarrei eta beste erakunde batzuei ere zerbitzua ematea du helburu. Beti ere, digitalizazioaren bidez lana hobe eta bide horretan gehiago egiteko. Horretarako, hainbat lan esparru ditu. Coworking-a arlo digitalean lan egin nahi duten pertsona eta erakundeei irekita dago, eta bertan lan egiteko gunea da. Coworking espazioa erabiltzeko Sakanako Garapen Agentziarekin harremanetan jarri beharra dago. Landu nahi den proiektuaren nondik norakoak azaltzeko eskatzen diete interesa dutenei. Horrekin batera, SGAk haiei laguntza emateko hainbat bide martxan jartzen ditu, hainbat aholkularitza eta beste, haien proiektuak bideratzen laguntzeko.  

Horri lotuta teknologia tailerra dago, batez ere fabrikazio gehigarrian espezializatuta dagoena. Fabrikazio gehigarria osatzen duten hainbat familia eta teknologietako tresneria dago Dinabiden. Ekipo gehienak txikiak edo ertainak dira. "Eskura ahalik eta teknologia desberdin gehien izan nahi ditugu. Helburua ez baita ekoizpena, ezagutza eta prestakuntza baizik. Teknologiak probatzea, bai horretan espezializatu nahi duten pertsonenek bai enpresek, beraien ekoizpen prozesuetan teknologia hori nola barnera dezaketen ikus dezaten", azaldu du Manterolak.

Gainera, urte akaberarako fabrikazio gehigarriko hainbat ekipamendu eta adimen artifiziala erabiltzeko beste ekipamendu bat etorriko dira. SGAko kudeatzaileak nabarmendu duenez, "etorriko direnetan interesgarriena metalean fabrikazio gehigarriko ekipoa izanen da. Bat bagenuen, baina etorriko dena beste teknologia berri batekin lan egiten du. Beste maila batera eramanen gaitu. Nafarroan horrelako ekipamendurik ez dago. Baditugu ekipo horrekin egindako piezak eta horiek ikustean jendea harritu egiten da, eta hainbat bide irekitzen zaizkio eta, askotan, irudimena hegaka hasten da".  

Iris 
Dinabide zabaldu zenean Sakanako eraldaketa digitalerako gunea zen. "Orain Nafarroakoa da. Baina, beti ere, Sakanan zentratuta". Manterolak azaldu duenez, "abian jarri genuenetik ikusi genuen gauzetako bat zen gaitasuna genuela baliabideak eta ekimenak hona ekartzeko, baina Sakanako enpresetatik askotan esaten ziguten: 'prestakuntza ondo dago, baina lan egiteko denbora ere behar dugu'. Ikusi genuen gutxieneko masa kritiko bat osatzeko Nafarroako beste enpresa eta eragileei ere ireki behar ginela". Horren adibide da prestakuntza saioak antolatzeko gutxienez hamar partaide eskatzen zietela, eta ibarreko bostek izena ematen bazuten ezin zela egin. "Nafarroako enpresekin taldea osa bagenezake, horrek ahalbidetzen du interesa duten Sakanako enpresek prestakuntza jasotzea. Horrek ahalbidetzen du Sakanako enpresek maila teknologikoa eta aurreratuago dauden Nafarroako beste enpresekin harremanak izatea. Gainera, hemen dauden baliabideak Sakanako eta Nafarroako beste enpresendako interesekoak dira". 

Dinabide Irisen, Nafarroako Estrategia Digitalaren barruan dago. "Nafarroako berrikuntza eta ikerketa zentro edo eragileok osatzen dugun sarea da Iris. Bere helburua eraldaketa digitala da. Hor daude: AIN, Nafarroako Industria Fundazioa, Naitec... Berrikuntza eta ikerketako eragile nagusiak daude". Dinabidek Irisen "bide txiki bat ireki dugu. Hor kokatu gara, batez ere, dauzkagun fabrikazio gehigarriko ekipamenduari esker". Manterolak nabarmendu duenez, "Iris martxan jarri zenetik, orain arte Dinabide espazio fisiko bakarra izan da. Batez ere, bere espezialitatea da enpresak hona etortzea, ekipamenduak probatzea eta aztertzea beraien jardunean txerta dezaketen edo ez. Erosi aurretik probatzeko aukera izatea. Hori zen helburu nagusietako bat". Azaldu duenez, teknologia tailerra erabiltzen da. "Ekipamendu garestiak dira eta guri etengabe martxan egotea gustatuko litzaiguke. Enpresekin pixkanaka bagoaz. Eta ekipamendu berriak bultzada berria emanen diotela iruditzen zaigu". Iris espazio fisikoak sortzeko pausoak ematen ari dela jakinarazi du ere.