Areto futbola

Osasuna Magna Xota, Nafarroako Kopako txapelduna

Guaixe 2024ko ira. 23a, 10:50

Roberto Martil kapitainak jaso zuen kopa, eta talde argazkia egin zuten berehala. XOTA

Talde irurtzundarrak 5-0 hartu zuen mendean ATP Iluminacion Tudelano Ribera Navarra taldea, hasieratik derbi lehiatua izan zen finalean

Osasuna Magna Xotak ATP Iluminacion Tudelano Ribera Navarra izan zuen aurkari Nafarroako Kopako finalean. Lehen mailan jokatzen duten bi taldeen arteko finala oso borrokatua izan zen hasieratik, betiko derbia, baina Osasuna Magna Xotak nagusitasun handia erakutsi zuen hasieratik serio eta erasokor jokatuz. Intentsitate eta lehia handiko partida izan zen. 

Partidari erritmoa eta abiadura ematen saiatu zen talde irurtzundarra, eta estrategia ongi atera zen. Azkenean, garaipen handia lortu zuten berdeek, 5-0. Gabriel Ligeiro fitxaketa berriak bi gol sartu zituen, Dani Saldise irurtzundarrak beste bi, eta Ion Cerviño irurtzundarrak bestea. Eta aipatzekoa da ere Asier Llamas atezain irurtzundarrak egindako lana, berdeen atean ez baitzuen inor sartzen utzi. 

“Ez zen lagunarteko partida bat, derbia zen, eta hasieratik ikusi da hori” nabarmendu zuen Dani Saldisek. Jokalari irurtzundarra, eta taldekide guztiek, pozarren ospatu zuten kopa lortu izana. 

Lagunarteko beste bi partida
Osasuna Magna Xotak aurre denboraldian jarraitzen du, eta egunotan bi lagunarteko partida jokatuko ditu etxetik kanpo: Sala 10 taldearen kontra, Zaragozan, eta Inter Movistarren kontra, Torrejonen. 

Abonatuen kanpaina, martxan
Xotak abian du 2024/2025 denboraldiko abonatuen kanpaina. “Berdeak kutsatzen du” da leloa. Xotako partidak ikustera Anaitasunara joan nahi duten zaleek aukera zabal-zabalik dute Astelehenetik ostiralera Anaitasunako txarteldegian egin dezakete, 18:00etatik 20:00etara, edo, bestela, Irurtzungo klubeko bulegoan. 

Helduen kasuan, abonua berrituko dutenek 120 euro ordainduko dituzte eta bazkide berriek, aldiz, 150 euro. Adinez txikikoen kasuan, abonua berrituko dutenek 60 euro, eta bazkide berriek 80 euro. Familiako bonuak eta bestelakoak ere badaude. Osasunako bazkideek, jubilatuek, langabezian daudenek eta bestelakoek beherapenak izango dituzte. 

Aurten 27 denboraldi jarraian lehen mailan beteko ditu Xotak, eta Irurtzungoa lehen mailako klub historikoetako bat da. Klubetik nabarmendu dutenez denboraldiak “ilusio handia” piztu du. Liga urriaren 11n hasiko da.