Hamahiru komunitateko hemezortzi hizkuntza aktibista Euskal Herrian daude irailaren 20az geroztik, Garabide Kultur Elkarteak antolatutako Hizkuntzak Biziberritzeko Formazio Programaren baitan. Prestakuntza teorikoa jasotzearekin batera, euskaren sustapenean lanean dauden elkarte eta erakundeen esperientziak ezagutzeko eta partekatzeko aukera izanen dute sei astez.
Haien agenda estuan tarte bat hartu zuten Irurtzungo Pikuxar euskal txokora joateko. Han hizkuntza komunitateen arteko elkarrizketa jardunaldian parte hartu zuten. Hiru komunitatetako kideek hartu zuten hitza beraien hizkuntzaren berri eman eta haien jardunaren berri emateko. Garabidek, Pikuxarrek eta Sakanako Mankomunitateak antolatutako solasaldia izan zen.