Sakanako gizarte ekonomiaren eguna hartu zuen Dinabidek irailaren 27an. Sakana Garapen Agentziak eta ANELek antolatutako topaketaren bidez eredu integrala, demokratikoa, solidarioa eta parte hartzailea, lurraldean balio eta garapen aukerak sortzen dituen ekonomia eredu horren inguruan aritu ziren.
Aritz Otxandiano Kanpok, Fagor taldearen iraunkortasun eta komunikazio koordinatzaileak, beste eskualde batzuetan ekonomia soziala nola sustatzen ari diren azaldu zuen. Horretaz aparte, ibarreko gizarte ekonomiako proiektuetako ordezkariek hitza hartu zuten beraien ekimenak aurkezteko. Kalaska gizarte ekimeneko kooperatiba elkarteko, Sakanako energia komunitateko eta KarKarCar gizarte ekimeneko kooperatibako ordezkariek hartu zuten hitza. Horretaz aparte, gaur egun Sakanan martxan dauden Gizarte Ekonomiako Programei buruz hitz egin zuten topaketan.