Astekaria

Clownaren eta bufoiaren arteko komedia dramatikoa

Guaixe 2024ko urr. 7a, 10:47

Patxi Larrea eta Lorena Arangoa 'El paraíso de los rotos' lanean. NAF. ANTZOKI SAREA

'El paraíso de los rotos' antzezlanaren antzezlana aurkeztu zuten urriaren 4an, Irurtzunen.

Maiatzean Iruñeko Gaiarre antzokian mustu ondoren, Lorena Arangoa irurtzundarrak eta Patxi Larreak, Parena Teatro konpainiak, El paraíso de los rotos antzezlana "berreskuratuko" zuten urriaren 4an, ostirala, Irurtzungo kultur etxean. Gironan sortutako lan bat da, Pep Vila antzerkigilearekin.

El paraíso de los rotos antzezlenean "Clown eta bufoia" landu dutela azaldu zuen Arangoak. "Elkarrenganako lotura handia dutela badirudien arren, oso kontrakoak dira". Modu sinple batean azalduta, jarraitu zuen antzezleak, clownak bere buruaz barre egiten du eta bufoiak beste guztiaz. "Baina badute horrelako amakomuneko puntu bat". Gaur Irurtzunen berrestreinatuko duten lanean, "ez da clown edo bufoia, baina bi horietatik edaten du". 

Antzezlanak gizartean lekurik ez duen bikote baten istorioa kontatzen du, Arangoak kontatu zuenez. "Gizonezko bat eta emakumezko bat dira eta ez dute haien inguruarekin bat egiten, ez dute oso ongi ulertzen zergatik, baina ez dira barne sentitzen". Oso pertsona onak dira, eta egun batean dena botatzen den leku batean agertzen dira: "Balio ez duena, aspertzen gaituena eta abar botatzen dute bertan. Ez dakigu zehazki zer den leku hori". Zabortegi bat izan daitekeela esan zuen Arangoak, baina antzezlanean ez da aipatzen. "Hortik ateratzeko itxaropena dute, gauza garrantzitsu bat egiteko, eta behin eta berriz ateratzen saiatzen dira". 

Pep Vila da antzezlanaren zuzendaria, eta Arangoa, Larrea eta hiruren artean sortu dute, Gironan egindako hainbat egonalditan. Hilabetero, gutxi gorabehera, Kataluniara joaten ziren lanarekin jarraitzera. Irurtzundarrak adierazi zuenez, "izugarria" izan da Vilarekin lan egitea. 

Umorea
El paraíso de los rotos lanak "oso barruko" gaiak lantzen ditu, "indartsuak", baina umorearekin jorratzen dituzte. "Ez dakit zergatik ateratzen den; agian dramatikoak diren gauzak umorez tratatzen badituzu errazago hartzen dira, beste buelta bat ematen diozu". Ikusleek esan diotenez, "agian barrezka daudela, eta bukatzen denean pentsatzen gelditzen direla eta... Baina gogorra da ikusi duguna". Drama denbora luzez komedia dela gaineratu zuen Arangoak, "ez dakit zeinek esan zuen, baina gertatzen da. Gauzak distantziarekin ikusten dituzunean ez dirudite hainbesterako". 

Arangoa "gauza inportanteekin" barre egitera ohituta dago: "Betidanik egin dut. Nire lanetan bakartasunaren inguruan hitz egiten dut eta heriotza ere uneoro ateratzen da, baina buelta emanda barre egiten duzu". Horretan lan egitea "oso interesgarria" dela gaineratu zuen; "bazaude horrelako gai batean, pasatzen bazara agian dramatikoegia dela eta bestela agian ez zara barrera iristen".