Urriaren 11n hasiko da 2024/2025 Lehen mailako areto futbol liga. Osasuna Magna Xota denboraldia hasteko prest dago, aurre denboraldi ederra egin eta gero. Aurre denboraldiko azkeneko partida urriaren 6an jokatu zuen talde irurtzundarrak, Noainen, Industrias Santa Colomaren kontra. Partida oso borrokatua, garaipena etxean geratu zen, talde berdeak 5-4 hartu baitzuen mendean talde kataluniarra.
Santa Coloma bitan aurreratu zen, baina Dani Saldise eta Roberto Martil irurtzundarrek berdintzea lortu zuten. Atsedenaldia baino lehen Pachuk 3-2 aurreratu zuen Xota, baina bigarren zatia hasi eta berehala hiruna berdindu zuten kataluniarrek. Josu Mendivek 4-3koa lortu zuen, Ligeirok 5-3koa, eta, azkenik, bosteko jokoarekin 5-4 gerturatu zen Santa Coloma. Partida horrela bukatu zen.
Aurre denboraldi ia perfektua egin du Miguel Hernandezen taldeak, soilik partida bat galdu baitu, Movistar Interren kontrako lagun artekoa.
Lehena, Cordoba
Osasuna Magna Xotak Cordoba Futsal taldea hartuko du urriaren 11n, 19:30ean, Anaitasunan. Lehen mailako ligako lehen jardunaldia izango da. Oraindik euren abonua hartu ez duten bazkideek abonua jasotzeko aukera izango dute, Anaitasunako txarteldegian.