Areto futbola

Osasuna Magna Xotak ilusioz ekingo dio ligari

Guaixe 2024ko urr. 11a, 09:36

Miguel Hernandez entrenatzailea, hizketan, alboan Asier Llamas atezaina, Xotako presidente Tatono Arregi eta Blabao enpresako ordezkariak dituela. XOTA

Cordoba Futsal Taldea hartuko du urriaren 11n, Anaitasunan

Urriaren 11n hasiko da 2024/2025eko Lehen Mailako Areto Futbol Txapelketa. Osasuna Magna Xotak lehen mailan euren 27. denboraldiari ekingo dio, eta lehen jardunaldian Cordoba Futsal taldea izango du aurkari. Partida urriaren 11n, 19:30ean, Anaitasunan jokatuko da. 

Miguel Hernandez entrenatzaileak joan zen urteko bloke nagusia izango du bere esanetara. Lau jokalari berri izango ditu: Gabriel Ferreira Santos ‘Ligeiro’ brasildarra, Facundo Martin ‘Russo’ argentinarra, Kokoro Harada japoniarra, eta Ihor Korsun ukrainarra. Litekeena da Korsun ez aritzea, Uzbekistaneko Mundialean bere selekzioarekin aritzetik etorri berri baita. Hernandezek azaldu duenez, bere plantilla “oso ilusionatuta eta anbizio handiz” ikusten du. 

Klubetik gogorarazi dute oraindik euren abonua hartu ez duten bazkideek gaur abonua jasotzeko aukera izango dutela, Anaitasunako txarteldegian. 

Babesle berria
Xotako presidente Tatono Arregik azaldu duenez, Clabao enpresa Xota taldera batu da. Nafarroan eta Errioxan apartamentu turistikoak kudeatzen ditu enpresa horrek, eta Xotaren babesle berrietako bat izango da.