Euskarara hurbiltzeko ikastaroa prest

Guaixe 2024ko urr. 11a, 11:08

Irurtzundarrak plazan. ARTXIBOA

60 orduko oinarrizko ikastaroak euskarara eta euskal kulturara hurbiltzeko aukera emanen die ikasleei.

Sakanako Mankomunitateko Anitzartean Kultur arteko Zerbitzuak eta Euskara Zerbitzuak Euskarara hurbiltzeko ikastaroa antolatu dute. Haren helburua da euskararen eta euskal kulturaren oinarrizko ezagutza lortzea. Ikastaroa bereziki antolatuta dago azken urtetan Sakanara bizitzera etorri diren herritarrendako eta, beraz, haiek izanen dute lehentasuna. 

Ikastaroa lastailaren 30etik otsailaren 28ra izanen da, asteazken eta ostiraletan. 09:15etik 11:15era da proposatutako ordutegia, baina moldagarria da. Ikastaroa Irurtzunen izanen da eta izena emateagatik bost euro ordaindu beharko dira. Ikastaroan gutxienez %80ko asistentzia dutenei matrikula itzuliko zaie. 

Izen emateko epea lastailaren 21ean, astelehenean, despedituko da. Horretarako, Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatetik pasa behar da.

Informazio gehiago nahi duenak euskara2@sakana-mank.eus edo gizarteratze2@ssbirurtzun.eus posta elektronikoko helbideetara idatzi edo 948 464840 edo 948 600 694 telefono zenbakietara hots egin dezake. Plaza mugatuak daudenez, izen emate ordenaren arabera beteko da taldea.