Galdara jartzeko espazio egokia izateko, udalak aurrena obra egin zuen. Orain biomasa galdara jartzeko lanean ari dira. Hura jarrita ere, "gas galdara zaharra badaezpada mantenduko dugu. Biomasa galdara berriak inoiz arazoren bat izanen balu edo mantentze lanak beharko balitu, laguntza gisa ordezko galdara bat izateko. Gainera, eskolako eraikin berriak bere gas galdara du. Gas azpiegitura guztia eta gas enpresarekin genuen kontratua mantendu behar genituenez, galdara zaharra mantentzea erabaki genuen", azaldu du Unai Razkin Iriarte alkateak.
Galdara berriak biomasarekin sortuko du beroa. Galdarak pelleta edo ezpala erabiltzeko aukera izanen du. "Pelleta erretzen hasiko gara. Baina aztertuko dugu ezpala erabiltzeko zer aukera ditugun". Alkateak gogorarazi du Etxeberrik eta Irurtzunek elkarrekiko basoa, fazeria, dutela eta handik urtero egur loteak ateratzen direla. Horietako bat erabil daitekeen aztertu beharko luke udalak.Berotza 2020 SMk eskuratu du kontratua 205.700 euroren truke (BEZ barne). Galdara finantzatzeko udalak Nafarroako Gobernuaren aurrekontutik 100.000 euro jaso ditu, EH Bilduk aurkeztutako zuzenketa bati esker.Bestalde, udalak eskolan lanak egin ditu udan. Isolamendu termikoa hobetzeko paretetan eta teilatu azpian zelulosa sartu zen 2021ean, eta horren ondorioz baldosak lasatu ziren. Konpontzeko, udalak ikastetxeko solairu guztietako pasabide eta eskailera guztietako paretak berritu ditu. Lehen fasean lehen solairukoa duela bi urte egin zen eta gainontzeko guztia aurten. Lanek 32.000 euroko aurrekontua zuten.