Garbigunea ezartzeko lehen pausoa

Guaixe 2024ko urr. 24a, 11:17

Garbigunea hartuko duen tokia. ARTXIBOA

Udalak hirigintza planean aldaketa egin du.

Sakanako Mankomunitateak Irurtzunen garbigune bat jarri nahi du. Hondakinak birziklatzeko espazio horrek irurtzundarrei, arakildarrei, irintarrei eta uberterrei emanen die zerbitzua. Irurtzungo Udalak garbigunea kokatzeko hainbat aukera aztertu ondoren, erabaki zuen Akaborro industrialdea eta herria banatzen dituen berdegunean kokatzea. Hori horrela izan dadin Irurtzungo Udalak herriko hirigintza planean aldaketa egin du. 

Garbigunetan hainbat hondakin mota jasoko dira, esaterako: inausitakoa, obra txikietako hondarrak, egur zatiak, etxetresna elektriko txikiak, sukaldeko olioa, bateriak, ehunak, argiteriako elementuak, erregaiak, laborategiko produktuak, margoak, bernizak, tamaina handikoak, monitoreak eta beste. Jasotako hondakin horiek ondoren behar bezala tratatuko dituzten enpresa espezializatuetara edo behar bezala kudeatzen diren tokietara eramaten dira. Horrela, materialak berrabiltzeko aukera dago, edo eremu kontrolatuetan tratatuak izatekoak.