Osasuna Magna Xotak Peñiscola izan zuen aurkari lehen mailako ligako bigarren jardunaldian. Lehen jardunaldian Cordobaren kontra ikusgarri aritzetik iritsi zen talde irurtzundarra Peñiscolara, baina urriaren 20an jokatutako partida bestelakoa izan zen: Miguel Hernandezen taldeak ez zuen rock and rolla izan, inondik inora, eta itxura nahiko kaxkarra emanda itzuli zen Valentziatik, punturik gabe.
Peñiscola dena ematera atera zen hasieratik. Valentziarrek Xota presionatu zuten, eta erritmo biziz aritu ziren. Horrela, estrategia jokaldi bati esker Peñiscola aurreratu zen, eta hurrengo jokaldian, Xotak oraindik ere kontrako gola barneratu gabe zuenean, bigarrena sartu zuten valentziarrek.
Peñiscolari dena ateratzen zitzaion bitartean, Osasuna Magna Xotari, ezer. Paseetan akatsak egin zituzten jokalari berdeek, eta urduri aritu ziren, presaz. Egoera guztiz okertu zen kontrako beste bi golekin: atsedenaldira 4-0 galduz joan zen Xota.
Bigarren zatian Peñiscolaren estrategia defentsan aritzea eta kontraerasoan ateratzea izan zen. Arbitroek Asier Llamas kanporatu zuten, areatik kanpo baloia eskuarekin ikutu zuelakoan, jokaldi guztiz polemikoan, berdeak ez baitzeuden ados. Alejandro Palazonek penalti bikoitza geratu zuen. Ligeiro izan zen protagonista, bi gol sartu zituelako, 4-2ra hurbilduz. Tamalez, Peñiscolak bosgarrena sartu zuen eta erremontadaren asmoa zapuztu zuen. Azkenean, 5-2 galduta itzuli ziren jokalari nafarrak.
“Ez gara Peñiscolan egon” dio Hernandezek
Miguel Hernandez serio azaldu zen. “Gaur ez gara Peñiscolara etorri. Gorputzez bertan geunden, baina arimaz eta buruz, ordea, ez. Partida honi ezin zaio horrela aurre egin” azaldu zuen. Peñiscolaren bertuteak nabarmendu ondoren, “horrenbeste estutzen duen eta defentsan asko eskatzen duen arerio baten kontra ez gara egon. Lehen zatian partida joan zaigu, eta ondoren haizearen kontra ibili behar izan dugu. Ez diogu partidari behar bezala erantzun” aitortu zuen.
Hemendik aurrera, “errekuperatzea eta lan egitea” da dagokiena, Manzanares baitute hurrengo arerio. “Ikasteko eta hobetzeko gaude, eta gure nortasuna erakusteko. Gaur ez gara Osasuna Magna Xota izan, eta partida gogorra izan da guretako”.
Hurrena, Manzanares
Lehen mailan lider aldaketa izan da: Jimbee Cartagena Costa Calida taldeak hartu du Osasuna Magna Xotaren tokia, 9 punturekin. Gainera talde murtziarrak hirugarren jardunaldiko partida dagoeneko jokatua du, aurreratu zuen, eta hiru garaipen ditu. Xota zortzigarren postura jaitsi da (3 puntu), eta urriaren 26an, larunbata, hirugarren jardunaldia jokatuko du, Ciudad Realen, momentuz punturik bildu ez duen eta hamabosgarren den Quesos Hidalgo Manzanaresen kontra.