Irurtzundarrak eta herriko kolektiboak Parte hartze aurrekontuak: ziklo berri bat? deialdira joatera gonbidatuta zeuden. Bi hamarkadatako bidea egin du parte hartze aurrekontuen lantaldeak, eta hark deitu zuen bilera, berritzeko beharra ikusi dutelako.
Zer dira parte hartze aurrekontuak?
Lan tresna bat. Alde batetik, herritarrek dituzten beharrak detektatzeko. Izan litezke handiak, txikiak; izan daitezke fisikoak edo beste behar mota batzuk. Behar horiek normalean ez dira bulego batetik detektatzen. Bestetik, parte hartzea sustatzeko tresna oso indartsua da. Nik horrela ulertzen dut. Ez hainbeste diru banaketa, baizik eta tresna baten moduan. Gainera, ondo egiten baldin bada, eta aukera zabala baldin bada, denondako, herriaren parte izate sentimendua sortzen du.
"Ondo egiten baldin bada, denondako, herriren parte izate sentimendua sortzen du"
Zer dinamika erabili duzue parte hartze aurrekontuekin?
Beste leku batzuetan nola egiten zen aztertzen urte batzuk eman genituen. Hasi ginen formula "erraz" batekin, baina gure errealitatera ondo egokitzen zena. Lehenik, gure errealitatea aztertzeko antolatuta zeuden taldeen artean inkesta bat banatzen genuen. Taldeen ekarpenak jaso genituen. Ondoren herritarrekin tailer bat egiten genuen, eta han ekarpen gehiago jasotzen genituen. Jasotako ekarpenak udalarekin aztertzen ziren, teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak ziren edo ez jakiteko. Ondoren beteko ez ziren itxaropen handiegirik ez sortzeko modua zen hori. Galbahea pasatako aukeren berri antolatutako taldeei ematen zitzaien. Eta ondoren, normalean, lau aukeratzen ziren. Haien inguruko txosten txiki bat egiten zen, ekonomikoki egingarriak ziren eta zein epetan egin zitezkeen aztertzen zen. Azkenik, bozketa zegoen. Hasieran, inkestaren bidez egiten zen, herriko denda batzuetan postontzi bat jarri eta botoak han sartzen ziren. Azken urteetan, plazan jartzen ginen, mahai batekin eta zerrenda batekin. Sinplea, baina eraginkorra.
Noiztik zabiltzate parte hartze aurrekontuekin?
Formatu horretara heltzeko, aurretik beste lan bat egin zen. Nahiz herritarren ekimen bat izan, bai edo bai udalak parte hartu behar du. Udalak duen dirua banatzen dugu. Udalak bakarrik du dirua gastatzeko gaitasuna. Baina garai hartan legez kanporatzeak tarteko giro politikoa oso zaila zen, beraz, taldea parte hartzean zentratu zen. Zenbait urtez herrian parte hartzeko zer aukera eta egitura zeuden eta momentu hartan jendeak nola parte hartzen zuen aztertzen aritu ginen. Eta hortik abiatuta zer bulkatu genezakeen jakiteko. Zorte izugarria izan genuen: Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Soziologia Sailak gure proiektua gradu ondoko praktikak egiteko aukeratu zuen. Ondorioz, zenbait urtez Irurtzunen ikasleak eta irakasleak izan ziren praktikak egiten. Parte hartze diagnosia egin genuen, eta parte hartzeari buruzko diagnosia ere. Erreminta batzuk sortzen joan ginen, ondoren parte hartze aurrekontuan indarrean jartzeko.
"Zer izen zuen jakin gabe ere, Irurtzunen aspaldi hori egiten ari zen jende pila zegoen"
2011n udalaren konpromisoa lortu genuen parte hartze aurrekontuetan aukeratzen zen proiektura 20.000 euro bideratzeko. Eta, ordutik, horrela egin dugu orain arte. Konturatu ginen jendeak eskatzen zituen proiektu asko ezin zirela 20.000 eurorekin egin eta 35.000 eurora arte handitu zen gerora. Izan da kasuren bat zegoen diruarekin ezin zela aukeratutako egitasmoa egin eta bi urtekoarekin egin dena.
Bestetik, ulertu beharra dago tresna ez dela bakarrik boto gehien jaso duen proiektua egiteko bitarteko bat. Nahiz eta botazioan lehenengoa ez izan, proiektu asko egin dira. Eta txikiak ziren proposamen asko zuzenean egin ditu udalak. Beraz, ez da urte bakoitzeko proiektu bakar bat egin. Askoz ere aberatsagoa da. Horregatik, guretako parte hartze aurrekontuak tresna bat dira. Behar materialez aparte, gizarte premiak, aurrekontu bakar batekin asetzen ez direnak, halakoak jaso eta zuzenean udalari pasatzen genizkion.
Zeinek dinamizatu ditu parte hartze aurrekontuak?
Herritarrok. Munduan barna zeuden beste esperientzia batzuk ezagutzen hasi ginen 2001ean, Porto Alegre eta halakoak. Azterketa hasi genuen. Irurtzunen aberastasun izugarria dago, jendeak, aspalditik, egiturak ditu. "Zergatik ez dugu beste pauso bat gehiago ematen eta zergatik ez gara hasten denon dirua dena denon artean banatzen?" Egiten zena aztertzen hasi ginen. Lauzpabost irurtzundar elkartu ginen eta 2004an aurkezpen bat egin genuen. EHUko Asier Blas eta Las Cañas de San Juandik (Sevilla) beste teknikari batzuk etorri ziren. Haiek urte batzuk zeramatzaten parte hartze aurrekontuak egiten. Estatuko orduko erreferentea zen. Hitzaldira jende pila joan zen eta jendea oso animatuta atera zen. Han herritarrez osatutako talde sustatzailea sortu zen. Gizarte Zerbitzuetako teknikariak hasieratik egon dira. Zorte handiz, EHUkoak animatu ziren, eta gurekin hiru urte egon ziren, laguntzen eta gurekin bidea egiten.
Talde handia izan zarete?
Momentu jakin batzuetan agian 20 edo 25 pertsona. Askotan teknikariek hitzak jartzera etortzen ziren, baina ordurako guk bagenekien zer zen hura. Izan ere, zer izen zuen jakin gabe ere, Irurtzunen aspaldi hori egiten ari zen jende pila baitzegoen. Ordurako hemen esperientzia eta jakituria handia zegoen. Ez zen berria, egiteko modua aldatzen zen, ezaguna zen, bazekiten zer edo nola egin behar zen. Gu pila aberastu ginen, baina etorri ziren ikasle eta irakasleek ikasteko aukera izugarria izan zuten. Oso interesgarria izan zen. Laborategi txiki bat sortu zen.
Zein izan dira lorpenak?
Batzuek ikusten oso errazak dira. Kaletik zoaz eta parte hartze aurrekontuekin egin ziren proiektuak ikusten dituzu. Nabaria da. Larunbatean egindakoen erakusketa txiki bat ikusgai izan zen, proiektu bakoitzaren aurreko egoera eta ondorengoa erausteko. Jende batzuk esan zutenez, ahaztuta zutela aurretik nolakoa zen halako proiektua. Gauzatu diren egitasmoak herritarren premietatik atera dira. Hori ikusten errazena da. Bestalde, egindako lana eta bidea daude. Udalaren egituran lan egiteko modua txertatuta dago. Taldeetan, antolatuta ez dagoen jendearengan, Sakanako beste zerbitzu batzuetan txertatzen joan da. Elkarrekin bizi izan dugulako. Nik horri ematen diot garrantzia, ez hainbeste proiektuei.
"Gu pila aberastu ginen, baina etorri ziren ikasle eta irakasleek ikasteko aukera izugarria izan zuten"
Gabeziarik?
Jende berria sartzen ez dela urte asko daramagu. Urte asko gauza bera egiten daramagu, formula errepikatzen, eta galdu egiten da. Parte hartze handi eta aberatsa ez dator bat beti gauza bera egitearekin. Zerbait galtzen ari gara.
Balorazioa?
Positiboa, inolako zalantzarik gabe. Alde batetik, pertsonalki norberak eta bere taldeak jasotzen duena. Herrian gelditzen dena ikusten da.
Larunbateko bilera zergatik deitu zenuten?
Joan zen urtean esan genuen: "hemen beste ikuspegi bat duen norbait sartu behar da". Gu laguntzeko egonen gara, baina ikuspegia zabaldu behar da. Taldea zabaltzeko formula bilatzeko, eta jarraipena emateko aukera dagoen ikusteko. Taldean sentitzen dugu erreleboa egon behar duela. Betiere, herritarron proiektu gisa segitzeko, ez udalak egiten duen zerbait. Udalari jakinarazi genion 2024an guk ez genuela parte hartze aurrekonturik antolatuko. Printzipioz, udalarena bermatuta dago.
Jendeak joan zen?
Larunbatean parte hartu duen jendeari bere denbora, energia eta ilusioa emateagatik, partekatu dugun bideagatik, eskerrak eman genizkien. Gazteak hurbildu ziren. Parte hartu eta gero utzi zuen jendea izan zen. Bide osoa egin duena. Polita izan zen. Bestalde, bakarren bat animatuko zen galdetu genuen. Bileran ez zen konpromisorik hartu. Bakarren batek esan zuen animatuta zegoela. Sentipen polita utzi zigun bilerak. Itxaropen pixka bat. Baina ezer ez dago ziurtatuta. Jendeari denbora gehiago eman beharko diogu, eta gehiago zabaldu beharko dugu. Parte hartzeak ez du asko kotizatzen gaur egun. Zaila da, jendea bere gauzetan oso sartuta dago. Ez da erraza halako zerbaitean bat-batean sartzea. Denbora beharko da. Balorazioa eginen dugu, nondik segi erabakiko dugu, jarraitzea interesgarria litzatekeela iruditzen zaigulako.
"Jendea animatuz gero, batzuek interesa genuke duela 15 bat urte egindako parte hartzeari buruzko diagnosia berriro egiten"
Hurrengo pausoa?
Bi lan ildo daude. Egindako lanari jarraipena ematea. Bestetik, jendea animatuz gero, pertsona batzuek interesa genuke duela 15 bat urte egindako parte hartzeari buruzko diagnosia berriro egiten. Ongi legoke jakitea une honetan zer dugun. Horretarako jendea behar da.
EHUkoen atea joko zenukete ere?
Lehenik, talde motorra egon beharko luke, interes handia dute sei edo zortzi pertsona. Motor indartsua baldin badago, teknikariak eta dirua bilatzea ez da hain zaila. Hori da gure esperientzia. Bestea da zailena.
Sakandarrei zer esanen zeniekete?
Bakoitzak ezagutzen du bere herria. Guretako egin dugun bide hau egokiena izan da. Guretako interesgarriena zen behetik sortzea eta behetik kudeatzea. Baina bakoitzak ikusi behar du bere herrian eta bere udalarekin edo bere inguruko gizartea ekintza egin ahal den eta zein den onena. Guretako aberatsagoa da oinarritik sortzen dena. Errazena udalak indarrean jartzea da, hark esanen luke nola, noiz eta zenbat. Ez da gure kasua. Askoz lan karga handiagoa da, baina guretako aberatsagoa da.